Joan eduki nagusira

Urriaren 25ean, ostirala, amaituko da Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Tuterako campusean María Azkarate euskal argazkilari eta arkitektoaren “¡Oh, Ford!” erakusketa.  Ikusizko kontakizun bat da, zeinean “kritikoki begiratzen baitzaio sistema ekonomikoaren arauei jarraitzen dien zibilizazioari, hots, sistema ekologikoen funtzionamendu osasuntsua mantentzen duten funtsezko prozesuak bazter uzten dituen zibilizazioari”, egileak definitzen duenez.

zoom maria azkarate

María Azkarate argazkilaria, “¡Oh, Ford!” erakusketaren ondoan.

Erakusketaren izenburuak keinu egiten dio XX. mendeko kontakizun handienetako bat den Aldous Huxleyren Bai mundu berria eleberriari, nahiz eta sailean aurkezten den etorkizuna eleberri hartan aurkeztutakoaren oso bestelakoa izan. Saila, jatorriz, Punto de Catástrofe argazki-taldearen Intersecciones izeneko fanzine-bildumaren barrenean argitaratu zen. Bilduma horrek errepidea zuen ardatz, modernitatearen sinbolo handienetako bat, erabat aldatu baititu lurraldea eta hartan bizitzeko moduak. Erakusketa ostiralera bitartean bisitatzen ahalko da, 8:00etatik 21:00etara, eta sarbidea librea izanen da.

Argazkigintza deskubritu zuen arkitektoa

María Azkarate (Gasteiz, 1977) Iruñean bizi da, non Arkitektura ikasi baitzuen Nafarroako Unibertsitatean. Zenbait urtez lanean aritu ondoren, argazkigintza deskubritu zuen adierazteko modu gisa, eta, harrezkero, bere ibilbidea aldatu zuen, arkitekturako argazkigintza eta hiriari eta espazio arkitektonikoari buruzko proiektu pertsonalen garapena uztartuz. Bere lana Nafarroako Museoaren eta Bilboko Arte Ederren Museoaren funtsen parte da.