Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) kide duen Unibertsitateen G-9 Taldearen Transformazio Digitaleko batzorde sektoriala aste honetan bildu da Santanderren, bere esparruan egindako praktikak eta elkarteko kide diren unibertsitateen etorkizuneko erronka teknologikoak partekatzeko. Bi egun horietan aztertutako gaien artean izan dira G-9 Campus Digital Partekatua (UNIDIGITAL), iruzurraren aurkako salaketa-kanala, unibertsitateko langileentzako ekipo informatikoen hornikuntza, segurtasun informatikoaren ebaluazioa eta ordenagailu eramangarri eta mailegu-ordenagailuetan kredentzialak autentifikatzeko eta kudeatzeko metodoak.

zoom g9

G-9 Taldearen Transformazio Digitaleko batzorde sektoriala Santanderren, bi errektoreak irudiaren erdian direla.

TI/Zerbitzu Informatikoen lantaldean, orobat beste hainbat gai aztertu dira, hala nola irakaskuntza ordenagailuekin emateak dakarren paradigma aldaketaren ereduak, lanpostuen kudeaketa eta hornikuntza, segurtasun zerbitzuen kanporatzea, TI gobernantza-ereduak, web-sarbidea edo adimen artifizialaren (AA) ezarpena kudeaketan.

Batzordea urriaren 17an, osteguna, inauguratu zuten Ángel Pazos Carro Kantabriako Unibertsitateko errektoreak, Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak, zeina batzorde sektorial horretako arduraduna baita, eta Ramón Agüero Calvo Kantabriako Unibertsitateko Transformazio Digitalaren Arloko zuzendariak.

Zerbitzu informatikoak, funtsezkoak

NUPeko errektoreak gogorarazi duenez, Transformazio Digitala “G-9 Taldeko sektorerik gazteena” da, sortu zen azkena izan baitzen, baina “hala ere, garrantzitsuenetako bat da”. Badakigu zerbitzu informatikoak funtsezkoak direla unibertsitateetan, denak funtziona dezan, eta gero eta garrantzitsuagoak dira. Gure egiturak egokitu behar ditugu, eta, batez ere, gure funtzionatzeko modua administrazio elektroniko berrira egokitu behar dugu”, gehitu zuen. 

Bestalde, Kantabriako Unibertsitateko errektorearen iritzian, bilera horiek oso eraginkorrak dira, “bere esperientziaren arabera”; izan ere, oro har, “prozesu asko partekatzen dira, eta informazioa trukatzea, gaiak eztabaidatzea, bakoitzak prozedurak nola gauzatzen dituen edo arazoak nola konpontzen dituen partekatzea onuragarria da beti”. Bere ustez, G-9 Taldea “senidetze eta koordinazio garrantzitsuak definitzen ari da”.  

Unibertsitateen G-9 Taldea

Unibertsitateen G-9 Taldea  1997an sortutako elkarte bat da, eta beren autonomia-erkidegoetan unibertsitate publiko bakarra diren unibertsitateek osatzen dute, zehazki hauek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea, bai eta Murtziako Unibertsitatea eta Burgosko Unibertsitatea ere, azken biak entitate laguntzaile gisa.