Iruñeko Udalak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Gizarte Laneko Graduko ikasleek Iturraman adinekoekin saioak dinamizatzeko. Hitzarmenaren izena IturrNUP da, eta haren xedea da ordu eta erdiko 10 saio dinamizatzea. Gizarte Lana taldeekin irakasgaiko ikasleak (graduko 3. ikasmaila) gehienez ere 22 adineko izanen dituen talde batekin harremanetan jarri eta adinekoei interesatzen zaizkien gaiez mintzatuko dira.


Ezkerretik eskuinera, Zaloa Basabe Gutiérrez Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi delegatua eta Begoña Pérez Eransus NUPeko Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea.
Irakasgaiko ikasleek asteroko gaia prestatuko dute, irakasgaiko irakasleek gainbegiratuta, eta Iturrama auzoko San Juan Bosco zentroan eginen dute (San Juan Bosco kalea 15) azaroaren 25era arte, astelehenetan, 17:30etik 19:00etara eginen diren saioetan. Iruñeko Udalaren arabera, “Iturrama auzoa Iruñeko auzo zahartuenetakoa da, eta ez dago adinekoen elkarterik Adinekoen Sarea bere jarduerekin eskaintzen ari denaz aparteko sozializazio gune bat eskaintzen duenik; beraz, NUPekiko lankidetzak sozializazio gune bat eskaintzen du arratsaldeetan pertsona horientzat guztientzat”.
Jarduerak helburu hauek ditu: esperientzia pertsonalak sortzea, elkar ezagutzak sare komunitarioak sortu edo sendotu ditzan; belaunaldien arteko bizikidetza sustatzea; eta, azkenik, San Juan Boscoko adinekoentzako espazioa dinamizatzen hastea. Nafarroako Unibertsitate Publikoa auzoetara hurbiltzen du, eta Gizarte Laneko unibertsitateko ikasleek ikasgelan ikasitakoaren esperientzia praktiko bat dute.
Saioetan landuko diren gaien artean daude osasun fisiko eta emozionala, adin guztietan ikasi beharra, lehengo eta oraingo letrak eta musika, edo egungo gizartean adinekoei buruz dauden estereotipoak.