Berriki eguneratutako Stanfordeko Unibertsitatearen (Estatu Batuak) azterlan batek munduko ikerlari onenen % 2ren artean sailkatu ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin (NUP) loturiko 29 ikertzaile. Sailkapena "PlosBiology" aldizkarian argitaratu da, eta Scopus datu-baseko informazioan oinarritzen da ikerlariak zenbait adierazleren arabera ebaluatzeko, honako hauek kontuan hartuta: aldi desberdinetako ekoizpen zientifikoa, H indizea (ekoizpen zientifikoaren garrantzia neurtzen duena), aipuak eta egilekidetasunaren posizionamendua. Ikerketa-ibilbidean zehar gehien aipatu dituzten munduko ikerlarien atalean, NUPeko ikertzaile kopurua handitzen joan da azken hiru urteetan: 2021ean, 16 ziren; 2022an, 20; 2023an, 22; eta 2024an, berriz, 24. Ehunekoei dagokienez, % 50eko hazkundea izan da aldi horretan. Horrek erakusten du hazkundea etengabea dela NUPen lan egin eta mundu osoan eragin zientifiko handiena dutenei dagokienez.


Jerónimo de Ayanz eraikinaren kanpoaldea, Arrosadiko campusean. Eraikin hori NUPen ikerketa-institutuen egoitza da.
Stanfordeko Unibertsitatearen azterlanak, aipatutako atalaz gain –hots, ibilbide akademikoan zehar gehien aipatutako munduko ikerlariena–, beste "ranking" bat ere jasotzen du, aurreko urtean zehar –2023– sortutako inpaktuari buruzkoa. Azken sailkapen horretan, lehen rankingeko 24 pertsonetatik 17k errepikatu dute, eta beste 5 gehitu dira. Ondorioz, bi zerrendak kontuan hartuta, 29 lagun daude guztira.
Bi sailkapenak
Hauek dira ikerketa-karrera osoa kontuan hartuta zerrendan sartu diren NUPeko 24 ikertzaileak (alfabetikoki ordenatuta), beren jakintza-arloa zein den eta, atxikipenik izanez gero, zer ikerketa-institutuko kide diren adierazita: Francisco Javier Arregui San Martín (Teknologia Elektronikoa, ISC Institutua), Miguel Beruete Díaz (Seinalearen Teoria eta Komunikazioak, ISC Institutua eta Navarrabiomed), Juan Antonio Blanco Vaca (Ekologia, IMAB Institutua), Humberto Bustince Sola (Konputazioaren Zientzia eta Adimen Artifiziala, ISC Institutua eta Navarrabiomed), Alfonso Carlosena García (Seinalearen Teoria eta Komunikazioak, ISC Institutua), Ignacio del Villar Fernández (Teknologia Elektronikoa, ISC Institutua), Roberto Ezcurra Orayen (Ekonomia Aplikatua, INARBE Institutua), Francisco Falcone Lanas (Seinalearen Teoria eta Komunikazioak, ISC Institutua), Mikel Galar Idoate (Konputazioaren Zientzia eta Adimen Artifiziala, ISC Institutua), Antonio García Hermoso (Gorputz eta Kirol Hezkuntza, Navarrabiomed), Andoni Gil Bravo (Ingeniaritza Kimikoa, INAMAT2 Institutua), Mikel Izquierdo Redín (Gorputz eta Kirol Hezkuntza, Navarrabiomed), Iñigo Lasa Uzcudun (Mikrobiologia, Navarrabiomed), Alayn Loayssa Lara (Teknologia Elektronikoa, ISC Institutua), Manuel López-Amo Sainz (Teknologia Elektronikoa, ISC Institutua), Antonio López Martín (Seinalearen Teoria eta Komunikazioak, ISC Institutua), Carmelo Luis Pérez (Fabrikazio Prozesuen Ingeniaritza), Luis Marroyo Palomo (Ingeniaritza Elektrikoa, ISC Institutua), Robinson Ramírez Vélez (Fisioterapia, Navarrabiomed), Pablo Sanchis Gúrpide (Ingeniaritza Elektrikoa, ISC Institutua), Antonio Urbina Yeregui (Fisika Aplikatua, INAMAT2 Institutua), Alfredo Ursúa Rubio (Ingeniaritza Elektrikoa, ISC Institutua) eta Claudia Wellbrock (Biokimika eta Biologia Molekularra).
Denborazko erreferentzia soilik 2023. urtea denean, lehen aipatutakoetatik 17 ageri dira zerrendan, eta, horiez gain, beste 5 ikertzaile. Hauek zehazki: Fermín Alcasena Urdíroz (Ingeniaritzaren Adierazpen Grafikoa, ISFOOD Institutua), Manuel Algarra González (Kimika Inorganikoa, INAMAT2 Institutua), Iñigo Liberal Olleta (Seinalearen Teoria eta Komunikazioak, ISC Institutua), Asier Marzo Pérez (Lengoaia eta Sistema Informatikoak, ISC Institutua) eta Fernando Veiga Suárez (Ingeniaritzaren Adierazpen Grafikoa, ISC Institutua).