Joan eduki nagusira

Doktoretzako 15 ikaslek Iruñeko Arrosadiko campuseko mintegi batean parte hartu dute konputazioren zientziei eta adimen artifizialari buruzko lanak aurkezteko eta arlo horietako ikerketari ikusgarritasuna emateko. Saioa Adimen Artifizialaren bigarren Astean egin da, eta Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak (NUP) antolatu du, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuarekin lankidetzan. Jardunaldiaren izenburua “Adimen artifizialeko aurrerapenak” da, eta bi hitzaldi zientifiko egin dira Francisco Herrera Triguero Granadako Unibertsitateko katedradunaren eta Marisol Gómez Fernández  NAIR Center-Navarra Artificial Intelligence Research  erakundeko zuzendari zientifiko eta NUPeko irakasle titularraren eskutik.

Honako hauek dira jardunaldian parte hartu duten doktoretzako ikasleak: Juan Francisco Amieva, Miguel Baigorri Iguzquiaguirre, Lorena Castaño de Egüés, Mara de la Caridad Concepción Álvarez, Iris Domínguez Catena, Aitor Ezker Galech, David Erroz Arroyo, Íñigo García Ugarte, Harkaitz Goyena Baroja, Enrique Hernández Calabrés, Rubén Pascual Casas, Imanol Pinto López, Oskitz Ruiz Sarrías, Álex Salvatierra Vettore eta María Sangüesa Recalde. Gehienez ere hiru minutuko tartean, ikasleek beren ikerketak jasotzen zituzten posterrak azaldu, eta saioan parte hartu dutenen zalantzak argitu dituzte.

zoom Doktoretzako ikasleak eta irakasleak Francisco Herrerarekin (erdian, lehen lerroan) eta, haren ezkerrean, Mikel Galar NUPeko Tracasa Katedraren zuzendaria.

Doktoretzako ikasleak eta irakasleak Francisco Herrerarekin (erdian, lehen lerroan) eta, haren ezkerrean, Mikel Galar NUPeko Tracasa Katedraren zuzendaria.

Beren ikerketen gaien artean, nabarmentzekoak dira lurraren, osasunaren eta industriaren behaketan aplikatutako adimen artifiziala. Ikaskuntza multimodal inkrementala ere aztertu da. Ikaskuntza mota horrek hainbat informazio-iturritako informazioa erabiltzen du, hala nola audioa edo irudia, eta horri esker sistemak produzitzen jarraitzen du, halako moldez non lana egiten baitu etengabe jasotzen dituen datu berrietatik ikasten jarraitzen duen bitartean. Eta sare neuronal konboluzionaletan arreta-mekanismoen erabileraren adibideak ikusi dira, zeinek sare neuronal konboluzionalaren aurreko geruzetako informazio garrantzitsuena hautatzea ahalbidetzen baitute.

Adimen artifizialeko berrikuntzaren hirurogeita hamar urte

Doktoregaien aurkezpenez gain, jardunaldia Francisco Herreraren hitzaldi zientifikoarekin hasi da: “Zientzia fikziotik Adimen Artifizial sortzailera eta Adimen Artifizial fidagarrira: berrikuntzaren 70 urte”. Granadako Unibertsitateko katedradunak azpimarratu du Adimen Artifizialak egungo bizitzan duen eragina. Horren erakusgarri Fisikako eta Kimikako azken bi Nobel sariak, zeinak diziplina horrekin lotutako aurrerapenei eman baitzitzaizkien aurreko astean. Horretara iristeko, iraganari heldu dio, Adimen Artifizialaren aroen berrikuspen historikoa egin baitu: hasi ”60ko hamarkadako hasierako ‘boom’-etik azken urteetako Adimen Artifizial sortzailera iritsi arte, 70eko hamarkadan Adimen Artifizialak izan zuen geldialdia eta 80ko hamarkadako “berpiztea” barne.

Azkenik, “Adimen Artifizial etiko eta arduratsuaren” beharra defendatu du, eta hori lortzeko funtsezko alderdiak aipatu ditu, hala nola “fidagarria, segurua, sendoa, interpretagarria eta gobernagarria” izatea.

Jardunaldia amaitzeko, Marisol Gómez zientzialariak hitzaldia eman du. Seinale biomedikoen tratamenduan egindako aurrerapenak aztertu ditu (esaterako, elektroentzefalogramak edo elektrokardiogramak). Aurrerapen horiek batez ere,  batez ere, ikaskuntza sakoneko teknikei esker egin dira, eta teknika horien mugak azaldu ditu ikertzaileak. Hala, adibidez, adierazi du datuak eskuratzea oso garestia dela edo sareak entrenatzeko datu kopurua artifizialki handitzeko teknikak falta direla. Abantailak ere aipatu ditu; esaterako, ezaugarrien erauzketa eta deskodetzea batera egiten direla. Hitzaldiaren izenburua “Adimen Artifiziala bioseinaleen prozesatzean: aurrerapenak eta aplikazioak” da. Hitzaldia amaitzeko, erabileraren bi kasu arrakastatsu azaldu ditu: loaren faseak deskodetzea edo epilepsia detektatzea.

Adimen Artifizialaren Asteko gainerako jarduerak

Adimen Artifizialaren Astearen barruan, gaur, osteguna, urriak 17, 17:30etik aurrera, Adimen Artifizialaren aplikazio praktikoei buruzko saio bat eginen da NUPek Bisitazioko Amen komentu zaharrean duen egoitzako Ansoleaga Aretoan (sarrera San Frantzisko kaleko 5 zenbakitik), eta jendeak probatzen ahalko du. Horrez gain, arte- eta mikrokontakizun-lehiaketetara aurkeztutako lanen erakusketa bat ere eginen da, eta parte-hartzaileek gustukoen dituztenei botoa ematen ahalko diete.  Sari-banaketa emanen dio amaiera jardunaldiari.

Asteari amaiera emateko, ostiralean, urriak 18, 17:00etatik aitzina, aldi bereko tailer praktiko batzuk eginen dira. Programazio informatikoko ezagupenak dituztenentzat da bat, eta dibulgatiboagoak dira beste batzuk.

Adimen Artifizialaren Astearen programa osoa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean  dago kontsultatzeko.