Joan eduki nagusira

Unibertsitateen G-9 Taldeak, zeinak Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) kide baitu, 557 eskaera onartu ditu Unibertsitateko Irakasle Berrien Prestakuntzarako “online” Plan berrian. Plan hori aste honetan hasi da. Ekimena bat dator Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoaren (LOSU) 78. artikuluarekin, zeinak irakasle laguntzaile doktore berriei eskatzen baitie hasierako prestakuntza pedagogikoa egiteko. Prestakuntza-eskaintzak hamazortzi ikastaro ditu, eta lau kategorien inguruan antolatzen da: prestatzaileentzako prestakuntza “online”; hezkuntza digitalerako metodologia; material eta hezkuntza-baliabide digitalak; eta ikaskuntzarako ebaluazioa.

zoom NUPek Arrosadiko campusean duen liburutegia.

NUPek Arrosadiko campusean duen liburutegia.

Zehazki, aste honetan eskaintzako hiru ikastaro hasi dira: Problemetan Oinarritutako Ikaskuntzaren aplikazioa Unibertsitateko Irakaskuntzan, Gaztela-Mantxako Unibertsitatekoa; Unibertsitateko ikasle guztientzat diseinatzea eta planifikatzea Hezkuntza Inklusiboaren bidez, Murtziako Unibertsitatekoa; eta Hezkuntza-berrikuntzarako sarrera unibertsitateko irakaskuntzan, Oviedoko Unibertsitatekoa. Eta horrela bata bestearen atzetik etorriko dira aipatu plana osatzen duten hemezortzi ikastaroak eman arte. Ikasleek 1 ECTS kredituko bi ikastaro eginen dituzte gehienez ere edo 2 ECTS kredituko ikastaro bakarra, eta dagokion ziurtagiria lortuko dute.

Unibertsitateko hezkuntza-esparrua indartzea

Prestakuntza-planaren helburua da irakasle berrien trebetasunak sustatzea eta G-9 Taldeko unibertsitateen arteko loturak sendotzea. Lankidetzak unibertsitateko hezkuntza-esparrua sendotu nahi du, eta unibertsitate parte-hartzaileen teknologia eta baliabide partekatuak baliatu nahi ditu, goi mailako hezkuntzaren kalitatea handitzeko. Aldi berean, proiektua G-9 Taldeak berrikuntzarekin eta prestakuntza jarraituarekin duen konpromisoaren erakusgarri da, eta bermatzen du irakasleek izan ditzatela puntako hezkuntza eguneratua eskaintzeko beharrezkoak diren tresna eta baliabide guztiak.

Unibertsitateen G-9 Taldea

Unibertsitateen G-9 Taldea 1997an sortutako elkarte bat da, eta beren autonomia-erkidegoetan unibertsitate publiko bakarra diren unibertsitateek osatzen dute, zehazki hauek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea, bai eta Murtziako Unibertsitatea eta Burgosko Unibertsitatea ere, azken biak entitate laguntzaile gisa.