Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) NUP Fundazioaren bidez antolatutako Enplegurako eta Ekintzailetzarako XVII. Topaketa urriaren 23an eginen da Nafarroa Arena pabiloian. Topaketaren helburua ikasleen eta egresatuen enplegagarritasuna hobetzea da, horretarako topagune bat eskainiz harremanak bideratzeko profesional kualifikatuak behar dituzten erakundeen eta lehenengo lanpostuaren bila dabiltzan gazteen artean.
Topaketa 09:30tik 18:30era eginen da, eta 80tik gora enpresa eta entitatek jarriko dituzte standak. Enplegagarritasunarekin lotutako lantegi eta hitzaldiak ere eginen dira, eta egun osoan zehar hamar minutuko elkarrizketa espresak eginen dira enpresetako langile-hautatzaileekin. Gainera, NUPek bere master ikasketei buruzko informazioa emanen du, eta NUPeko Enpresak Sortzeko Unibertsitate Laborategiak (LUCE) gauza bera eginen du unibertsitatearen ekintzailetza-aukerekin.
Jarduerak, hitzaldiak eta enplegu publikoari buruzko informazioa
Programaren barruan “Talentua martxan” lehiaketa eginen da Nafarroako Rural Kutxaren babesarekin. Lehiaketa horretan zenbait proba eginen dira (scape room bat, sormen- eta komunikazio-probak, talde-laneko probak, etab.) gaitasun profesionalak garatzeko. Talde irabazleak bidaia bat irabaziko du.
Eszenatokian, Osasunbideak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, Zerga Agentziak, Gizarte Segurantzak, Diplomazia Eskolak eta Nafarroako Gobernuaren Funtzio Publikoak enplegu publikoaren aukerei buruzko aurkezpenak eginen dituzte.
12:00etatik aurrera, “Datorren mundua” dibulgazioko mikrohitzaldien zikloa eginen da, eta NUPeko ikasleek eta interesa duten guztiek izanen dute parte hartzeko aukera. 16:00etatik 18:00etara 3x3 futboleko lehiaketa bat eginen da Nafarroako Futbol Federazioaren laguntzarekin, eta kirolaren balioak nabarmenduko dira eta saria irabazteko aukera izanen da. Sari banaketak emanen dio amaiera jardunaldiari.
NUPen eta Nafarroako gizartearen arteko lotura
Topaketa Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzarekin lankidetzan antolatzen da, Pharus programaren barnean. NUP gizartera lotzeko plana da Pharus, eta, lankidetzako eta ezagutza partekatzeko jardueren bidez Nafarroaren aurrerabideari eta jasangarritasunari ekarpena egitea eta Nafarroako herritarren bizi kalitatea hobetzea du helburu.
Topaketak Nafar Lansareren babesa du eta Nafarroako Rural Kutxa, Aditech Fundazioa, Sungrow, Ingeteam eta Mobis ditu laguntzaile nagusi. Enpresa eta sozietate publiko hauek ere laguntzen dute: Array, Azkoyen Taldea, Comantur, Cosmos Taldea, CPEN, Exkal, EY, Florette, AN Taldea, Hydro, Laboral Kutxa, Loxin, Mondragón Korporazioa, Nordex, Saltoki Taldea, Schneider Electric, Seidor, Sofidel, Solidus, Splorotech, Tigloo, Timac Agro eta Tracasa.
2023ko edizioan, hirurogeita hamahiru enpresa eta erakundek hartu zuten parte, eta haien artean entitate publiko zein pribatuak eta hainbat sektoretakoak zeuden. Gainera, ia 2.300 inskripzio egin ziren antolatutako jardueretan, eta 1.700 lagun baino gehiago joan ziren azokara.