Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egin da TEAMIT+ izeneko  proiektuaren lehen prestakuntza-modulua. Europar Batasunak Erasmus+ programaren bidez finantzatutako ekimen bat da, eta haren helburua da ekintzailetzako eta berrikuntzako prestakuntza-eredua aldatzea, eta haren gizarte- eta ingurumen-onurak ere kontuan hartzea. 18 eta 30 urte bitarteko hirurogeita hamar gaztek (sei unibertsitatetako eta LHko bost ikastetxetako prestakuntza ez-unibertsitarioko ikasleek, langileek eta lan bila dabiltzanek) hartu dute parte ekitaldi horretan, eta “sortuz ikasi” ikuspegiaren bidez inpaktu-ekintzailetza sustatzeko diseinatutako programa baten barruan dago.

zoom TEAMIT+ Europako proiektuko 1. moduluan parte hartu duten gazteetako batzuk NUPen.

TEAMIT+ Europako proiektuko 1. moduluan parte hartu duten gazteetako batzuk NUPen.

Nafarroako erakunde akademikoa izan da NUPeko ekialdiaren buru, Mondragon Unibertsitatea Enpresagintza - Mondragon Team Academy, Diversity4Equality eta Kaya Impacto entitateen babesarekin. Parte-hartzaileek gaurkotasuneko gaiak jorratu dituzte, hala klima-aldaketa, ekonomia zirkularra eta migrazio-krisia.

Ikasle parte-hartzaileen artean, sei unibertsitatetako ikasleak zeuden, hots, NUP, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Mondragon Unibertsitatea, Deustu, Universitat Oberta de Catalunya (UOC) eta UHUN; Lanbide Heziketako (LH) bost ikastetxe: Nafarroako lau (Burlata LHII, Tuterako ETI IIP,  Cuatrovientos II eta Nafarroako Eskola Tekniko Sanitarioa-ESTNA) eta Gipuzkoako bat (Tolosako LH Inmakulada). Modulu horretan parte hartu dutenak zazpi herrialdetakoak ziren: Kamerun, Maroko, Mexiko, Peru, Venezuela, Moldavia eta Espainia. Modu sinkronizatuan, “online” konektatu dira partzuergoak Finlandian, Frantzian eta Grezian dituen bazkideekin. Horrenbestez, Europako proiektu horretako kide diren lau herrialdeetako 200 parte-hartzaile baino gehiago izan dira.

Deialdiak arrakasta izan baitu (400 eskaera jaso dira NUPeko ekitaldian parte hartzeko), antolatzaileek parte hartzeko aukerak zabaldu dituzte. 1. moduluan parte hartzerik izan ez zutenek 2. moduluan parte hartzeko aukera izanen dute. 2. moduluaren izenburua “Berrikuntzako 24 ordu planetarako” da, eta abenduaren 3an eta 4an eginen da Euskal Autonomia Erkidegoan.  Ekitaldi horretan, aukeratutakoek taldean lan eginen dute enpresek proposatutako benetako erronkei irtenbide berritzaileak emateko.

TEAMIT+ proiektuari buruz

TEAMIT+ Europar Batasunak Erasmus+ programaren bidez 1,3 milioi eurorekin finantzatutako proiektu pilotua da. Ekimen horrek lau herrialdetako (Espainia, Finlandia, Frantzia eta Grezia) hamar bazkide ditu, eta ekintzailetzako eta berrikuntzako prestakuntza-eredua aldatu nahi du. Programaren xedea da Lanbide Heziketako eta unibertsitateko ikasle, enplegu-eskatzaile eta migratzaileen gaitasun batzuk garatzea, klima-aldaketari, inpaktuko berrikuntzari eta taldean egindako ekintzailetzari lotutako ikuspegi batekin. Horren helburua “start up” berritzaileak sortzea da.

zoom NUPeko Sario eraikinean egindako saioetako bat.

NUPeko Sario eraikinean egindako saioetako bat.

NUPen, Europako proiektu horren burua da Mar Rubio-Varas Ekonomia Saileko katedradun eta INARBE Institutuko  ikertzailea.