Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Ingeniari Teknikoen Elkargoak (CITI Navarra) Gradu Amaierako Lan Onenaren Sarien VII. ediziorako deialdia egin dute. Sariak erakundeko akademikoko Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko (IITIGMET) ikasleei zuzenduta daude, betiere 2023-2024 ikasturtean aurkeztu eta gainditu badituzte eta 4.0 Industriaren Katedraren arloekin lotutako gaiei buruzkoak badira. Zehazki honako hauek: ingeniaritza industriala, mekanikoa, elektrikoa eta elektronikoa, fabrikazio aurreratua, diseinu industriala, “big data”, automatizazioa eta robotika eta efizientzia energetikoa. Sariek 2.000 euroko diru-saria dute, eta eskaerak aurkezteko epea urriaren 20an amaituko da
Zehazki, 1.000 euroko lehen sari bat izanen da Gradu Amaierako Lan Onenarentzat eta bost bigarren sari, 200 eurokoa bakoitza. Deialdiaren oinarrien artean daude sarietara aurkezten diren lanen defentsa publikoa egin beharra eta Elkargoan akreditatu beharra. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean daude ikusgai oinarri osoak.
4.0 Industriaren Katedra
NUPen eta CITI Navarra elkargoaren 4.0 Industria Katedrak honako helburu hauek ditu: bi erakundeen arteko lankidetza garatzea; ikerketa aurreratua sortzea, mundu akademikoa eta enpresa mundua integratzeko aukera emanen duena; ikasleen eta profesionalen prestakuntza praktikoa eta nazioarteko garapena bultzatzea; eta unibertsitate hedapeneko jarduerak babestea, hala nola kultura-, kirol- edo gizarte-arlokoak.
Industria 4.0 Katedra sortzeko sinatutako hitzarmenaren bidez, jarduera bateratuak garatu nahi dira, hala nola ikerketa-proiektuak, doktoretza-tesiak eta gradu-amaierako lanak, elkargoko profesionalentzako etengabeko prestakuntza, ikasleen praktikak enpresetan edo NUPeko ikasleek ekoizpen-zentroetara egindako bisitak. Sari horietaz aparte, tituludun berrien laneratzea errazten da, bai eta elkargoarekin harremana duten Estatu Batuetako unibertsitateekin trukeak egitea ere (Alabama, Aurburn, Clemson eta Kentucky).