Joan eduki nagusira

Urriaren 14an, astelehena, Julián Estévez Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta dibulgatzaileak  hitzaldi baten bidez emanen dio hasiera Iruñeko Kondestablearen Jauregian Adimen Artifizialaren bigarren Asteari. Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak antolatu du Astea Nafarroako Gobernuko Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren laguntzarekin. Ekimenaren helburua da teknologia horrek zer ezaugarri dituen eta nolako aukerak eta desafioak eskaintzen dizkigun ezagutzera ematea. Unibertsitatean bertan eta Iruñeko beste leku batzuetan eginen diren lantegi, lehiaketa eta dibulgaziozko hitzaldiak ditu.

zoom Joan den urtean egindako Adimen Artifizialaren Astearen inaugurazio-hitzaldiaren irudi bat.

Joan den urtean egindako Adimen Artifizialaren Astearen inaugurazio-hitzaldiaren irudi bat.

Inaugurazio-hitzaldiaren izenburua “Kodetik Gorputzera: adimen artifiziala robot eta eguneroko gailu bihurtzea” da, eta 19:00etan izanen da. Julián Estévezek azalduko du nola adimen artifizial sortzailea softwaretik makina fisikoetara pasatzen ari den. Hitzaldi horrek haren inpaktua eta inplikazioak ditu aztergai, hala nola ChatGPT eta haren integrazioa robot humanoideetan eta eguneroko gailuetan. “Aldatzen ahal ditu teknologia horrek gizakien arteko harremanak?”, galdetzen du irakasleak.

Aldez aurretik, 18:30ean, Astea ofizialki inauguratuko dute honako hauen esku-hartzearekin: Ramon Gonzalo Unibertsitateko errektorea, Patricia Fanlo Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria eta Mikel Galar Katedrako zuzendari eta ISC Institutuko irakasle eta ikertzailea. Aurkezpenaren ondoren eta hitzaldiaren aurretik, Carlos Aranda Tracasa Instrumentaleko Berrikuntza zuzendari eta Katedraren buruak “Babesten gaituen Adimen Artifiziala” izanen du mintzagai laburki.

Biharamunean, asteartea, urriak 15, 19:00etan, Nafarroako Liburutegian eta Filmotekan, eztabaida-saioa izanen da adituekin “Adimen Artifiziala, zalantza gehiagorik ez” izenburupean. Han hitza hartuko dute Mikel Elkano Ilintxeta Neuraptic AIko CTOak, Leire Arbona Puértolas Legal y Cumplimiento de Veridaseko zuzendariak eta, azkenik, Carlos Fernández de Vigo Professor Octopus AI_LABeko CEOak. Moderatzaile-lanetan arituko da Mikel Galar NUPeko irakasle, ISC ikerketa-institutuko kide eta Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrako zuzendaria.

Asteazkenean, urriak 16, ikuspegi zientifiko eta espezializatu batetik begiratuko zaio adimen artifizialari, NUPen. Jardunaldia 10:00etan hasiko da “Zientzia fikziotik Adimen Artifizial sortzailera eta Adimen Artifizial fidagarrira: 70 urteko berrikuntza” hitzaldi zientifikoarekin, Francisco Herrera Triguero Granadako Unibertsitateko Konputazioaren Zientzietako eta Adimen Artifizialeko katedradunaren eskutik. Gero, ikerketa-mintegi bat eginen da, NUPeko adimen artifizialeko egungo ildoen berri emanen duena, eta, goiza amaitzeko, “Adimen Artifiziala bioseinaleen prozesatzean: aurrerapenak eta aplikazioak” hitzaldia emanen du Marisol Gómez Fernández NUPeko irakasle, INAMAT2ko ikertzaile eta NAIR Center (Navarra Artificial Inteligence Research) erakundeko zuzendari zientifikoak.

Artea, lehiaketak, lantegi praktikoak eta mapatoi solidarioa

Ostegunean, urriak 17, 17:30ean izanen da hitzordua NUPek Bisitazioko Amen komentu zaharrean duen egoitzako Ansoleaga Aretoan (sarrera San Frantzisko kaleko 5 zenbakitik), eta Adimen Artifizialaren aplikazio praktikoei eta adimen artifizialarekin egindako arteari buruzkoa izanen da. Aipatu aplikazio praktikoak probatzen ahalko ditu jendeak. “Artea eta Adimen Artifiziala” lehiaketara aurkeztutako lanak ere erakutsiko dira, eta ekitaldira joaten direnek  gogokoen duten lanaren aldeko botoa ematen ahalko dute, eta ekitaldiari amaiera emateko lehiaketako sariak banatuko dira.

Ostiralean, urriak 18, bukatuko da astea aldi bereko tailer praktiko batzuekin. Programazio informatikoaz dakitenentzat da bat, eta dibulgatiboagoak dira beste batzuk. Gai hauei buruzkoak izanen dira monografikoak: ““ChatGPTren hastapenak””, Mikel Galar Idoateren eskutik;  “Irudiak sortzeko Adimen Artifiziala: ilustratu zure diapositibak”, Iris Domínguez Catena NUPeko Adimen Artifizialeko ikertzailearen eskutik; “Adimen Artifizialak lagunduriko softwarearen garapena”, Javier Lasheras Tracasa Instrumentaleko machine learning engineer-aren eskutik (programazioko oinarrizko ezagutzak dituztenentzat); eta “Marketina ChatGPTrekin” Mónica Cortiñas Ugalde, Álvaro Saavedra Montejo eta Raquel Urtasun Alonso NUPeko Merkaturatzea eta Merkatuen Ikerketako ikertzaileen eskutik. Lantegietan izena emateko epea zabalik dago oraindik. Ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago, eta unibertsitatearen webgunearen bidez egiten ahal da.