Enpresa familiarrek badituzte “alderdi ekonomikotik harago doazen dinamika bereziak: eragiten dieten faktore sozial eta emozionalak ulertzea funtsezkoa da epe luzera bizirik iraunen dutela ziurtatzeko”. Hala ziurtatu du Ana Lucía Caicedo Leitónek. Psikologoak enpresa mota horretan eragina duten mekanismo psikoafektiboak aztertu ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesirako. Psikologoak ondorioztatu du ezen “atxikimendu emozional sendoak eta familiako kideen artean partekatutako jabetza-sentimenduek nabarmen hobetzen dutela ondorengotza-prozesua”.
“Enpresa familiarren alderdi sozio-psikologikoei buruz hitz egiten denean, aipagai da nola eraikitzen diren enpresari-familiako kideen pentsamendu, sentimendu, sinesmen, asmo eta helburu komunak testuinguru sozial batean haien eta ingurunearen arteko elkarreraginen bidez —azaldu du Ana Lucía Caicedok—. Nolanahi ere, ezagutza-arrakala bat dago honi buruz: nola eragiten dioten familiari mekanismo psikoafektiboek enpresari dagokionez”.
Horretarako, ikertzaileak enpresa familiarren dinamika sozio-psikologikoa aztertu du, eta honako hauek azpimarratu ditu: “emozioen eta familiaren jabetza psikologiko kolektiboaren zeregina eta belaunaldien arteko ezagutzaren transferentzian eta ondorengotzaren plangintzan dituzten inplikazioak”. Alde horretatik, ezinbestekoa izan da enpresarien, Enpresa Familiarrak Garatzeko Nafarroako Elkartearen (ADEFAN), ARPA Abogados Consultores taldearen eta Foru Komunitateko enpresa familiarretan adituak direnen laguntza.
Jabetza-, atxikimendu- eta identifikazio-sentimendua
Familiaren jabetza psikologiko kolektiboak (FCPO, ingelesezko sigletan) hiru alderdi hartzen ditu barnean. Hala, ikertzaileak honela definitzen du kontzeptu hori: “familiako kideek negozio familiarraren gainean duten jabetza kolektiboaren sentimendua, legezko jabetza duten ala ez alde batera utzita”. Orobat “talde familiarrak bere enpresarekiko duen atxikimendu emozional kolektiboa adierazten du”. Eta, azkenik, “familiak negozioarekin duen identifikazioa hartzen du barnean”.
Haren ikerketak erakutsi duenez familiaren jabetza psikologiko kolektiboak “eragin nabarmena du enpresa familiarren ondorengotza planifikatzerakoan”. Hala, kontzeptu horrek “talde-identitatea eta konpromiso afektiboa sustatzen ditu, eta funtsezkoak dira lidergoaren trantsizio arinerako eta negozioak epe luzean arrakasta izateko”. Gainera, “interdependentzia eta familiako kideen arteko balio partekatuak funtsezkoak dira ondorengotzaren plangintza eraginkorrerako, eta elkarri laguntzea eta negozioaren jarraipena sustatzen dute”, bere tesian azaltzen duenez. NUPeko INARBE institutuko bi ikertzailek zuzendu dute tesia: Martin Larraza Kintana katedraduna eta Lucía Garcés Galdeano irakaslea.
Azkenik, ikertzaileak aztertu zuen emozioek nola eragiten duten enpresa mota horretako ezagutzaren transferentzian. Alde horretatik, aztertutakoaren arabera, bai emozio positiboek (maitasuna edo harrotasuna) bai negatiboek (beldurra edo ziurgabetasuna) “funtsezko zeregina dute enpresa familiarretan belaunaldien arteko ezagutzaren transferentzia errazteko edo oztopatzeko”.
Curriculum laburra
Bi aipamenekin doktoratu baino lehen (nazioartekoa eta “cum laude”), Ana Lucía Caicedok Psikologiako titulua lortu zuen Kolonbiako Nariñoko Unibertsitatean, eta bi master egin zituen: Proiektuen Kudeaketa, bere herrialdean, Kolonbian; eta Enpresen Kudeaketa (MBA), NUPen.
Psikologiaren hainbat arlotan du eskarmentua, eta azken urteetan erakundeekin egindako lanean eta familia-enpresei buruzko ikerketan espezializatu da, bereziki faktore soziopsikologikoekin lotutako gaietan.
Tesia egin bitartean, doktoretza-egonaldi bat egin zuen Jönköping International Business School-eko (Suedia) Centre for Family Entrepreneurship and Ownership-en (CeFEO). Enpresa familiarrari buruzko ikerketarako, hezkuntzarako eta dibulgaziorako Europako erreferentzia puntutzat jotzen da zentro hori. Lankidetzan jardun du NUPeko Enpresa Familiarraren Katedrarekin , eta Nafarroako erakunde akademikoaren Institute for Advanced Research in Business and Economics (INARBE) institutuko kidea da.