“Talentua Martxan” Nafarroako Rural Kutxaren Gizarte Ekintzak bultzatutako lehiaketa bat da, eta antolatzaileek proposatutako erronkei irtenbide hoberena ematen dieten taldeak sarituko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Enplegurako eta Ekintzailetzarako Topaketan. Topaketa urriaren 23an eginen da. Izena emateko baldintza bakarra da 18 urte baino gehiago izatea, eta bakarka edo bikoteka (talde bat esleituko da) edo 3 eta 5 lagun arteko taldean parte hartu behar da. Izena emateko epea urriaren 18an amaituko da, eta parte-hartzaileen artean 50 euroko opari-txartelak zozketatuko dira.


NUPeko Enplegurako eta Ekintzailetzarako Topaketaren aurreko edizioaren irudi bat, non Nafarroako Rural Kutxak bultzatutako Talentuaren Jokoak egin baitziren.
Lehiaketan lau erronkari eman beharko zaie irtenbidea (lehiaketaren nondik norakoak hasi baino lehen azalduko dira). Urriaren 23an bi txandatan eginen da lehiaketa: 09:00etatik 12:00etara eta 11:00etatik 14:00etara, bi kasuetan Ikasgelategiko Arrainontzian (Arrosadiko campusa). Lehiaketa irabazten duen taldeak bidaia bat irabaziko du Europako leku batera. Nora? Sorpresa da. Nafarroako Rural Kutxako Gizarte Ekintzak ematen du saria, eta hegaldia, ostatua eta gosaria ordaintzen ditu. Sari-banaketa urriaren 23an, 18:00etan, izanen da Navarra Arenan, Enplegurako eta Ekintzailetzarako Topaketaren egoitzan.
“Talentua Martxan” lehiaketaren helburua da zenbait erronkaren bidez lan-merkaturako beharrezkoak diren gaitasun profesionalak garatzea eta etorkizun profesionala planteatzen duten ikasleak estimulatzea, prestakuntzaren eta enplegagarritasuna hobetzeko eskura jarritako tresnen zeregina nabarmenduz.