Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaile, irakasle eta ikasleek osatutako talde batek International Micro Aerial Vehicles Conference and Competition lehiaketan parte hartu zuen irailaren 16tik 20ra bitartean. Bere esparruko lehiaketa entzutetsuenetarikoa da, eta Bristolen ospatzen da (Erresuma Batua). Osotara, 15 herrialde baino gehiagoko 29 taldek parte hartu zuten antolatzaileek proposatutako kategorietan. Edizio honetan, NUP izan zen estatu mailako ordezkari bakarra, eta taldea hirugarren postuan sailkatu zen bere kategorian, parte hartu zuten zortzi taldeen artean.

zoom NUPeko taldea, lehiaketan. Goiko lerroan, ezkerretik eskuinera, Javier Ponz, Manuel Prieto, Jesús Villadangos eta Fermín Sola. Beheko lerroan, ezkerretik eskuinera: Pablo de Porcellinis eta Daniel Aláez.

NUPeko taldea, lehiaketan. Goiko lerroan, ezkerretik eskuinera, Javier Ponz, Manuel Prieto, Jesús Villadangos eta Fermín Sola. Beheko lerroan, ezkerretik eskuinera: Pablo de Porcellinis eta Daniel Aláez.

Honako hauek osatu zuten taldea: Manuel Prieto (ikertzaile lankide doktorea), Pablo de Porcellinis (industriako doktoregaia), Fermín Sola (Ingeniaritza Informatikoko Graduaren Nazioarteko Programako 4. ikasmailako ikaslea), Javier Ponz (Industria Teknologien Ingeniaritzako Graduaren Nazioarteko Programako 3. ikasmailako ikaslea), Daniel Aláez (ikertzaile lankide doktorea eta ordezko irakaslea). Taldeak, Jesús Villadangos irakaslea buru zuela, multikopteroen “outdoor” kategorian parte hartu zuen, eta beraiek fabrikatutako aireontzia erabili zuten basa-faunaren kontserbazioari lotutako erronka batzuk ebazteko. Proposatutako lau erronketan, aireontziak zirkuitu bat zeharkatu behar zuen behin eta berriz, haren eraginkortasuna ebaluatzeko, eremu batean animalia basatien bilaketa egiteko, lehiaketa egin zen unean emandako kokaleku batzuetan animalien argazki argiak ateratzeko, eta kamera bat arrakastaz askatzeko markagailu batek adierazitako kokaleku batean.

International Micro Air Vehicles, Conference and Competition lehiaketa 2004tik antolatzen dute, eta ingeniaritza aeronautikoaren esparruan ospetsuak diren unibertsitateek parte hartzen dute, hala nola ISAE-SUPAERO, TU Delft, RWTH Aachen eta Indian Institute of Technology Bombay, besteak beste. Bristolerako bidaia eta taldearen inskripzioa egiten lagundu dute Fuvex SL eta Sistemas Navarra SA nafar enpresek.

Lortutako emaitza onak direla eta, Sistema Banatuen Taldeak koordinatutako taldeak bere proposamena sendotu nahi du datorren urterako bai “indoor” kategorian bai “outdoor” kategorian parte hartuz, eta droneen eta pogramazioaren esparruan interesa duten ikasleak animatu nahi ditu proiektuan parte hartzera.