Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ingeniaritzako ehun bat ikaslek parte hartu zuten joan den ostiralean eta larunbatean (urriak 4 eta 5) Navarra Talent Challenge izeneko lehiaketaren hirugarren edizioan. Lehiaketa horretan, 14 taldetan jardun ziren 24 orduz Sarion (Arrosadiko campusa)  IED, Exkal, Smurfit Westrock, SKF, Scheneider Electric eta Embega enpresek proposatutako erronka errealei aurre egiteko. Erakunde akademikoko Ingeniaritzaren eta Enpresaren Katedrak antolatu zuen lehiaketa, NUPen, Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialaren (COIINA) eta Fundación Industrial Navarraren arteko hitzarmenari esker. Epaimahaia NUPeko irakasle batzuek eta Magotteaux eta Veridaseko zenbait profesionalek osatu zuten, eta 2.400 euro banatu ziren saritan.

zoom ntc resultados

Parte-hartzaileak, enpresen ordezkariak eta irakasleak, NUPen egindako sari-banaketan.

Industria Ingeniaritzako Masterreko ikasle hauek osatzen zuten talde irabazlea: Leire Anso Mainz, Sergio Banzo Navascués, Elena Vidaurreta Ullate, Ane Salicio Uriz, Daniel Rodríguez Lizoain eta Saioa Urteaga Cilveti. IEDk landako lanetarako ibilgailu elektriko autonomo bati buruz jarritako erronka konpondu zuen taldeak.

Bigarren saria Industria Teknologien Graduko laugarren ikasmailako ikasle talde batentzat izan zen: Maite Díaz Salvatierra, Jorge Ochoa Gutiérrez, Martín Roldán Marzo, Marta Sainz Sánchez, Rubén San Millán Gurbindo, Xabier Epalza Olarte, Asier García Martínez eta Iñaki Lacalle Sanz de Acedo. Exkal enpresak saltegi handietarako hozteko armairuen ateetako heldulekuak egiteko sistema berri baten diseinuari buruz jarritako erronka konpondu zuten. 

zoom ntc resultados

Ikasleak, Navarra Talent Challenge lehiaketan.

Proposatutako erronkak eta lehiaketaren helburuak

Sari horien helburua NUPeko Ingeniaritzaren eta Enpresaren Katedraren helburuen barrenean dago; hain justu, ikasleek taldean lan egiteko eta ingeniaritzarekin loturiko arazoei irtenbide berritzaileak emateko duten gaitasuna sustatu nahi dute, eta enpresa parte-hartzaileek gazte talentudunak kontrata ditzaten lagundu nahi dute. Ekitaldian, ikasleek aukera izan zuten Nafarroako industria sareko enpresetako profesionalekin eskuz esku lan egiteko, benetako erronkekin, bai eta jendaurrean beren lanak defendatzeko ere. 

Planteatutako erronkez gain, Embegak erronka jo zien ikasleei “Sensus Care” hirugarren adineko pertsonentzako Adimen Artifizialarekin monitorizatzeko eta laguntzeko proiektu batekin; Smurfitek gauza bera egin zuen paperezko bobinetan sortutako hondakina automatikoki berreskuratzeari buruzko proiektu batekin; Schneiderrek erronka bat planteatu zuen materialak jasotzeko biltegiko layouta eta eragiketa fluxua aldatzeko, eta, azkenik, SKFk etorkizuneko plantarako prozesuko material hornidura adimendun bat asmatzeko erronka jarri zien ikasleei.