Joan eduki nagusira

Unibertsitateen G-9 Taldeak Kultura eta Gizarte Proiekzioaren eta Unibertsitate Zabalpeneko Teknikarien Batzorde Sektorialaren bilera egin du Oviedoko Unibertsitateko eraikin historikoan. Jaume Carot Giner Balear Uharteetako Unibertsitateko errektorea izan da bileraren burua, eta María Pilar García Cuetos Unibertsitate Zabalpeneko eta Kulturako Proiekzioko errektoreordea izan da anfitrioia.

zoom Kultura eta Gizarte Proiekzioaren eta Unibertsitate Zabalpeneko Teknikarien Batzorde Sektorialak Oviedon egindako bilerako parte-hartzaileak.

Kultura eta Gizarte Proiekzioaren eta Unibertsitate Zabalpeneko Teknikarien Batzorde Sektorialak Oviedon egindako bilerako parte-hartzaileak.

G-9 Taldea osatzen duten unibertsitateen arloko errektoreorde eta zuzendariek, taldeko idazkari nagusiarekin batera, gogoeta egin dute Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organiko berriak (LOSU) unibertsitate-zabalpenaren arloan dituen erronkei buruz, eta unibertsitatearen proiekzio eta dibulgazio kulturalarekin lotutako planteamenduak jarri dituzte mahai gainean.

Alde horretatik, jarduera-lerroetako bat da erakunde akademikoen esku-hartzea lurraldean. María Pilar García Cuetos Oviedoko Unibertsitateko Unibertsitate Zabalpeneko eta Kultura Proiekzioko errektoreordeak nabarmendu du Asturiasko erakunde akademikoa aitzindaria dela esparru horretan UO Territorio programaren bidez. Programa horren xedea da bere presentzia zabaltzea lurralde osoan.

Bilera ostegun eta ostiralean egin da, eta eguneko aztergaien artean tartea izan dute gogoeta egiteko dibulgazio zientifikoaren eta herritarrentzako zientziaren garrantzia gero eta handiagoari buruz.  Helburua da kultura-proiekzioa eta unibertsitate-zabalpena gizartearen eskaera berrietara egokitzera bideratutako lerro berriekin lan egitea.

Horrez gain, unibertsitate parte-hartzaileek erabaki dute Genero Ikasketetako doktoretza-tesi, gradu amaierako lan eta master amaierako lan hoberenen sarietarako deialdia egitea urtea amaitu baino lehen.

Musika-lehiaketa eta Unibertsitateko Eztabaida Liga

Kultura eta Gizarte Proiekzioaren eta Unibertsitate Zabalpeneko Teknikarien Batzorde Sektorialean hartutako erabakietako bat izan da bere hurrengo jardueren egoitzak aukeratzea. Hala, Musika Lehiaketaren VIII. edizioa Oviedoko Unibertsitatean eginen da martxo aldera.  Txandakako jarduera bat da, eta haren helburua da musika-taldeei beren ibilbidean laguntzea sari ekonomiko bat eta nazio mailako zabalpena emanez. Aukera ederra da G-9 Taldeko unibertsitateetan dauden musikari ugariren lana ezagutarazteko eta unibertsitateko kultur agenda bultzatzeko.

Bestalde, G-9 Taldearen unibertsitatearteko Eztabaida Ligaren XV. edizioa Euskal Herriko Unibertsitatean eginen da. Jarduera hori ere txandakakoa da, eta dagokion autonomia-erkidegoko parlamentuan azken fasea antolatzea du xede. Datorren urtean Eusko Legebiltzarrean eginen da.

Unibertsitateen G-9 Taldea

Unibertsitateen G-9 Taldea 1997an sortutako elkarte bat da,  eta beren autonomia-erkidegoetan unibertsitate publiko bakarra diren unibertsitateek osatzen dute, zehazki hauek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea, bai eta Murtziako Unibertsitatea eta Burgosko Unibertsitatea ere, azken biak entitate laguntzaile gisa.