Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Navarrabiomedek (Nafarroako Gobernuaren eta erakunde akademikoaren ikerketa biomedikoko zentroak) Ariketa Fisikoa, Osasuna eta Bizi Kalitatea eguneratzeko VI. Nazioarteko Jardunaldiak antolatu ditu urriaren 3rako, osteguna. Zazpi hizlarik agindutako ariketaren onurak aztertuko dituzte sei pertsona-taldetan: helduak, obesitatea dutenak, gaixotasun mental larria duten pazienteak, eta 1 motako diabetesa duten gazteak, eskolaurrekoak eta nerabeak. Futbol profesionalari buruzko hitzaldi bat ere badago. Topaketarako sarbidea librea da aldez aurretik izena emanda, eta arratsaldez eginen da Unibertsitateko Osasun Zientzien Fakultatean  (Barañaingo etorbidea, z.g.), Iruñean.

Aztertuko diren beste gai batzuen artean nabarmentzekoak dira helduen ariketa fisikoari buruzko adostasun globala, “diabesitatearen" (diabetesa eta obesitatea batera) pandemiari aurre egiteko estrategia terapeutikoak eta ariketa fisikoaren eta buru-nahasmendu larrien arteko harremana. Era berean, 1 motako diabetesa duten gazteengan muskulu-indarrak duen eraginari buruzko azterlanak aurkeztuko dira, bai eta ariketak eskolaurrekoen funtzio exekutiboan eta haurtzaroko eta nerabezaroko errendimendu akademikoan duen eraginari buruzkoak ere.

Futbol profesionaleko bi elementu

Eduardo Lusa Cadore Rio Grande do Sul Unibertsitateko (Brasil) katedradunak hartuko du parte topaketan, eta indarrak eta abiadurak futbol profesionaleko errendimenduan duten garrantziari buruz hitz eginen du. 

Jardunaldia 15:45ean hasiko da, eta Mikel Izquierdo Redin NUPeko Osasun Zientzien Saileko katedradun eta Navarrabiomedeko ikertzaileak antolatu du. 

Interesa dutenek doan ematen ahal dute izena posta elektronikoko helbide honetan: efit@navarra.es. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu NUPen webgunea.