Ikasturte honetan erakundean hasi diren irakasle berriei ongietorria egiteko saio bat egin du Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP). Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzak eta Unibertsitatearen Arreta Atalak antolatu dute saioa. Saioa Arrosadiko campuseko Liburutegiko Open Space-n egin da, eta besteak beste Unibertsitatearen egitura instituzionala eta irakaskuntzan laguntzeko tresna digitalak ezagutarazi dira.
Zehazki, saioan parte hartu duten irakasleek (45 lagun) NUPen egiturari eta antolaketari buruzko informazioa jaso dute, eta arreta berezia jarri da irakaskuntzaren praktikari eta antolaketari buruzko gaietan eta irakasleen zereginean eragina duten tresna informatikoetan: Zerbitzuen Ataria (han zenbait tramite egiten dira, hala nola akten kudeaketa, ikasleen gogobetetze-inkestak edo irakasle bakoitzaren web-orrialdea) eta NIreIkasgelategia irakasteko, ikasteko eta lankidetzan jarduteko plataforma birtuala. Hain zuzen, irakasleari bere eguneroko lanean laguntzeko azken tresna horri buruzko beste prestakuntza-saio osagarri bat egin da.


NUPeko irakasle berriak, ongietorria egiteko saioaren hasieran saioko hizlariekin eta beste irakasle batzuekin Arrosadiko campuseko Liburutegiko Open Space-an.
“Online” harrera-gida
Irakasle berriei NUPen hastea errazteko, erakundeak badu orobat harrera-gida bat. Gida hori “online” kontsultatzen ahal da, eta oinarrizko hainbat informazio biltzen ditu.
Honako hauek izan dira harrera-saioko hizlariak: Olaizola Nogales (Irakasleen Gaietarako errektoreordea), Arantxa Villanueva Larre (izen bereko errektoreordetzako Irakasleen Arloko zuzendaria), José Antonio Marañón Oricáin (Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria), Conchi Casado Redín (Unibertsitatearen Arreta Ataleko burua) eta Mariola Artuch Aguirre (Ikuskapen Ataleko burua).