Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) irekita du epea interesa duten ikastetxeek izena eman dezaten, doan, urrian eta azaroan gaztelaniaz eginen diren "Yo quiero ser científica" izeneko antzezlanaren lau emanaldietako batera joateko. Antzezlanean, NUPeko hamaika emakume irakaslek aurreko mendeetako zenbait emakume zientzialariren lana eta bizitza ezagutzera ematen dituzte. Emanaldiak Iruñeko Arrosadiko campusean eginen dira, eta Lehen Hezkuntzako 1. ikasmailatik 6. ikasmailara bitarteko ikasleei zuzenduta daude. Interesa duten ikastetxeek erakunde akademikoaren webgunean eskuratzen ahal dute informazio gehiago.

Hauek dira emanaldietarako aurreikusi diren egunak: Urriak 14 eta azaroak 18, 19 eta 22. Horietan ikusle gisa parte hartu nahi duten ikastetxeek "online" inprimaki bat bete behar dute, hura ere Unibertsitatearen webgunean.

zoom Zutik, ezkerretik eskuinera: Silvia Díaz (Hedy Lamarr), Nora Millor (Margarita Salas), Aránzazu Jurío (Klara Von Neumann), Leyre Catalán (Hipatia de Alejandría), Idoia San Martín (Edith Clarke) eta Amalia Ortiz (Margaret Hamilton). Eserita (ezkerretik eskuinera): Alicia Martínez (Sofia Kovalévskaya), Gurutze Pérez Artieda (Maria Sibylla Merian), Edurne Barrenechea (Ada Byron) eta Patricia Aranguren (Marie Sklodowska-Curie). Marisol Gómez (Emmy Noëther) falta da.

Zutik, ezkerretik eskuinera: Silvia Díaz (Hedy Lamarr), Nora Millor (Margarita Salas), Aránzazu Jurío (Klara Von Neumann), Leyre Catalán (Hipatia de Alejandría), Idoia San Martín (Edith Clarke) eta Amalia Ortiz (Margaret Hamilton). Eserita (ezkerretik eskuinera): Alicia Martínez (Sofia Kovalévskaya), Gurutze Pérez Artieda (Maria Sibylla Merian), Edurne Barrenechea (Ada Byron) eta Patricia Aranguren (Marie Sklodowska-Curie). Marisol Gómez (Emmy Noëther) falta da.

Bost urte baino gehiagoko ibilbidea

“Yo quiero ser científica” dibulgaziozko antzezlana Nafarroako 64 ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 9.113 ikaslek ikusi dute 2019tik maiatzera arte, NUPeko Arrosadiko campusean. Antzezlanean parte hartzen duten erakunde akademikoko hamaika ikertzaileek, zeinek antzezlana egin eta interpretatzen baitute, ikusgarritasuna eman nahi diete emakume zientzialariei, batetik, zientziaren historiaren parte ezezagun bat gogora ekartzeko, eta, bestetik, neska gazteak zientziaren eta teknologiaren arloko emakume gailenekin identifika daitezen, eta inspirazio iturri gisa har ditzaten. 

Hauek dira antzezlanean esku hartzen duten ikertzaileak: Patricia Aranguren Garacochea (Industria Ingeniaritzan doktorea), Edurne Barrenechea Tartas (Informatika Ingeniaritzan doktorea), Leyre Catalán Ros (Industria Ingeniaritzan doktorea), Silvia Díaz Lucas (Telekomunikazio Ingeniaritzan doktorea), Marisol Gómez Fernández (Matematikan doktorea), Aránzazu Jurío Munárriz (Ingeniaritza Informatikoan doktorea), Alicia Martínez Ramírez (Telekomunikazio Ingeniaritzan doktorea), Nora Millor Muruzábal (Telekomunikazio Ingeniaritzan doktorea), Amalia Ortiz Nicolás (Ingeniaritza Informatikoan doktorea), Gurutze Pérez Artieda (Industria Ingeniaritzan doktorea) eta Idoia San Martín Biurrun (Industria Ingeniaritzan doktorea). Denek NUPeko sei ikerketa-institutuetako bitan egiten dute lan: Smart Cities Institutuan (ISC) eta Material Aurreratuen Institutuan (INAMAT2). 

Garai guztietako zientzialariak

Antzezle bakoitzak zientzialari hauetako bat antzezten du: Hipatia Alexandriakoa, matematikaria, astronomoa eta filosofoa (IV.-V. mendeak); Maria Sibylla Merian, entomologoa eta margolaria (1647-1717); Ada Lovelace (Ada Byron izenaz ere ezaguna), matematikaria eta lehen informatikaria (1815-1852); Sofia Kovalévskaya, matematikaria eta astronomoa (1850-1891); Marie Sklodowska-Curie, kimikaria eta fisikaria (1867-1934); Emmy Noëther, matematikaria (1882-1935); Edith Clarke, ingeniari elektrikoa (1883-1959); Klara Von Neumann, informatikaria (1911-1963); Hedy Lamarr, telekomunikazio ingeniaria (1914-2000); Margarita Salas, biokimikaria (1938-2019); eta Margaret Hamilton, matematikaria eta ingeniari informatikoa (1936an jaioa).