Joan eduki nagusira

Laura Frías Paredes eta Martín Gastón Romeo Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasle eta ISCko ikertzaileek Baliabide Energetiko Berriztagarrien eta Adimen Meteorologikoaren Espainiako Elkartea (SERIM) sortzeko prozesuan parte hartu dute. Elkarteak lanari ekin dio energia garbien eta meteorologia aplikatuaren esparruan ikerketa, garapena eta lankidetza sustatzeko. Aipatutako sozietatearen lehen jardueretako bat aplikazio bat abian jartzea izan da. Aplikazio hori  doan eskuratzen ahal da, eta Espainiako 8.000 udalerritan baino gehiagotan eguzkiaren erradiazio ultramorearekiko esposizio-arriskua kalkulatzeko aukera ematen du.

zoom profesoradoserim

Laura Frías Paredes eta Martín Gastón Romeo, NUPen.

SERIM abangoardiako diziplinarteko plataforma bat da, eta fisikako, ingeniaritzako eta datuen zientziako adituak eta iraunkortasunarekin eta berrikuntzarekin konprometitutako profesionalak biltzen ditu. Haren xede nagusia da baliabide energetiko berriztagarrien ezagutza eta aplikazio praktikoa sustatzea, eta adimen meteorologikoa erabakiak hartzeko prozesuetan integratzea.

Bere funtsezko helburuak hauek dira: energia berriztagarria ekoizteko baliabide naturaletan ikerketa aurreratua sustatzea; azken belaunaldiko datu meteorologikoen analisiak garatzea; prestakuntza-programa espezializatuak eskaintzea, ikastaroak eta ziurtagiri teknikoak barne; ezagutzak trukatzeko bilera zientifikoak antolatzea aldian behin; energia berriztagarrien eta meteorologia aplikatuaren sektoreko enpresa eta erakunde publikoei aholkularitza eta auditoretza teknikoko zerbitzuak ematea.

Elkartea energia berriztagarrien eta adimen meteorologikoaren etorkizunarekin konprometitutako pertsona, profesional eta ikertzaileentzat da.

Eguzkiaren arriskuak orduka ezagutzeko aplikazio bat

UVAppek erabiltzaileei aukera ematen die jakiteko eguzki esposizioa zein egunetan den onuragarria D bitamina sortzeko, eta izpi ultramoreen (UV) gehiegizko esposizioa dela-eta zein unetatik aurrera dagoen larruazalarentzat arriskua Espainiako 8.000 udalerritan baino gehiagotan, eta gehienez ere 4 egun lehenagotik.

Interfaze intuitibo eta erabilerraz baten bidez, UVApp-ek informazio espezifikoa eskatzen du, hala nola herria, aurreikusitako esposizio-data eta -ordua, erabiltzailearen larruazal mota, gorputz-esposizioaren maila eta erabilitako eguzki-babesaren faktorea. Datu horiekin, aplikazioak kalkulu aurreratuak egiten ditu, Meteorologiako Estatu Agentziak (AEMET) emandako iragarpen meteorologikoetan eta UV erradiazioak eragindako kaltea zenbatesteko abangoardiako eredu zientifikoetan oinarrituta. Emaitzak bisualki aurkezten dira egunean zehar aurreikusitako UV erradiazio-balioak erakusten dituen grafiko interaktibo batean, kolore berdean nabarmenduz D bitamina sortzeko aldi segurua eta gorriz azalerako arrisku-tartea.

Funtzionalitate nagusi horretaz gain, UVApp-ek fitxa bat eskaintzen du larruazal mota zehazteko Fitzpatricken testaren bidez, baita aplikazioari eta erabilitako kalkuluei buruzko atal informatibo bat ere.

UVApp-ren misioa da gehiegizko eguzki-esposizioaren arriskuez kontzientziatzea eta babes-ohitura osasungarriak sustatzea, aire zabaleko jarduerak modu arduratsuan planifikatzeko informazio baliotsuaren bidez. “Garrantzitsua da azpimarratzea UVApp erreferentziazko tresna dela eta ez duela ordezkatzen aholkularitza mediko profesionala. Osasun-arloko adituek eguzkia babesteko gomendatutako jarraibideei jarraitzea gomendatzen da, eta edozein zalantza izanez gero mediku bati kontsulta egitea”, azpimarratu dute NUPeko ikertzaileek.