Joan eduki nagusira

Yamaguchiko (Japonia) Unibertsitate Prefekturaleko ordezkaritza batek, Makiko Tanaka lehendakaria buru duela, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) bisitatu du. Bi unibertsitateek lankidetza hitzarmena dute ikerketa, irakaskuntza eta irakasle eta ikasle trukearen arloetan, eta joan den urtarrilean berritu zen hitzarmena. Japoniarrek Foru Komunitateko erakunde akademikoan izan duten presentziari esker duela hogei urte hasitako harremana sendotu eta elkarlanerako aukera berriak aztertu dira esparru akademiko eta zientifikoan.

zoom Ezkerretik eskuinera: Takumi Moritaki, Makiko Tanaka, Ramón Gonzalo, Amy Wilson eta Taiga Matsumura.

Ezkerretik eskuinera: Takumi Moritaki, Makiko Tanaka, Ramón Gonzalo, Amy Wilson eta Taiga Matsumura.

Makiko Tanakak, Amy Wilson Yamaguchiko Unibertsitate Prefekturaleko Nazioartekotzearen arloko zuzendaria lagun duela, zenbait bilera izan ditu NUPeko irakasle eta ikertzaileekin, Ramón Gonzalo errektorea barne. Biak beren unibertsitateko bi ikaslerekin bildu dira, Taiga Matsumura eta Takumi Moritaki, zeinak Nafarroako erakunde akademikoan ari baitira ikasten nazioarteko truke programa bati esker.

Joan den urtarrilean, probestuz Yamaguchiko Prefekturak bisita instituzionala egin zuela Nafarroara bi lurraldeen arteko Senidetasun Akta sinatu izanaren hogeigarren urteurrena zela eta, bi unibertsitateek beren lankidetza-hitzarmena berritu zuten. Hitzarmenak honako hauek jasotzen ditu: ikerketa-lan bateratuak egitea; guztien intereseko emaitzak argitaratzea eta hedatzea; elkarrekin egitea jarduera akademikoak eta zabalpenekoak, baita graduondoko ikastaroak eta mintegiak ere; eta irakasle zein ikasleen trukeak egitea bi unibertsitateen artean.

Bi hamarkada elkarrekin harremanetan

NUPek eta Yamaguchiko Unibertsitate Prefekturalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten 2003an, eta bi urte geroago hasi zen emaitzak izaten, ikasle eta irakasleentzako truke programa bat jarri zenean martxan.

Yamaguchiko Unibertsitate Prefekturala izen bereko hirian dago; 190.000 biztanle inguru ditu, eta 1980az geroztik dago Iruñearekin senidetua. Unibertsitatea 1941ean sortu zen emakumeentzako ikastetxe moduan, baina 1975era arte ez zuen unibertsitate estatusa lortu. 1996an ateak ireki zizkien ikasle gizonezkoei, eta gaur egungo izena hartu zuen. Gaur egun osotara 1.400 ikasle inguru ditu hiru fakultatetan (Kulturarteko Ikasketak, Ongizate Soziala, eta Erizaintza eta Giza Nutrizioa) eta graduondoko ikasketetarako bi eskolatan (Kulturarteko Ikasketak eta Osasuna eta Ongizatea).