Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) epea zabaldu du eskaerak aurkezteko Batxilergoko eta Lanbide Heziketako (LH) ikasleei zuzendutako dibulgazio zientifikoko hitzaldien programan. Hitzaldiak 2024-2025 ikasturtean emanen dira.  Eskaintza www.charlascientificas.com  webean dago kontsultatzeko, eta zenbait gairi buruzko 77 hitzaldi ditu. Horietatik 43 gaztelaniaz emanen dira, 11 euskaraz eta 23 ingelesez. Interesa duten ikastetxeek beren eskaerak “online” bidali behar dituzte urriaren 15era arte.

zoom Gerardo Pisabarro, NUPeko IMAB Institutuko zuzendaria eta katedraduna, joan den ikasturtean Agoizko DBHIn egindako saio batean.

Gerardo Pisabarro, NUPeko IMAB Institutuko zuzendaria eta katedraduna, joan den ikasturtean Agoizko DBHIn egindako saio batean.

Ikastetxe bakoitzak sei hitzaldi eskatuko ditu gehienez ere, kontuan hartuta hitzaldi bera behin baino gehiagotan eskatzen bada, eskaera desberdintzat hartuko direla. Antolaketa errazteko, hitzaldiak 2025eko urtarriletik aurrera emanen dira, baina data hori baino lehen programatzeko aukera aztertuko da justifikatutako kasuetan.

Hitzaldiak Batxilergoko mailarako daude diseinatuta, eta jakintza-arlo ugari biltzen dituzte, jakin-min zientifikoa bultzatzeko eta unibertsitate aurreko ikasmailetako ikasleei unibertsitateko ikerketa hurbiltzeko. Eskatzeko prozesua webean erabilgarri dagoen inprimakiaren  bidez egiten da. Ikastetxeek interesatzen zaizkien hitzaldiak aukeratzen ahal dituzte webean, eta beste data batzuk proposatu baldin eta bere aukera nagusia ez badago.

Berrogeita hamar ikastetxe joan den ikasturtean

Joan den ikasturtean, NUPeko zenbait diziplinatako 25 irakaslek dibulgazio zientifikoko 153 hitzaldi eman zituzten guztira Nafarroako Batxilergoko eta Lanbide Heziketako 48 ikastetxetan.

Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak, Unibertsitate Zabalpenaren eta Gizarte Erantzukizunaren Atalaren bidez, hitzaldien zikloa bultzatu du. Francisco Javier Sanz Morales Zientzien Saileko irakaslea da zikloaren koordinatzailea. Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT)-Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak eta Europar Batasunak (EB) finantzatzen dute ekimena NUP kide duen Unibertsitateen G-9 Taldearen  “Go for the missions” proiektuaren bidez.