Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Parlamentuak Batxilergoko XV. Eztabaida Lehiaketarako deialdia egin dute, eta urriaren 25ean eta 26an eginen da. Lehiaketa honetan inskripzioa egiteko aukera dute Batxilergoko ikasketak ematen dituzten Foru Komunitateko ikastetxeek (publikoak eta itunduak). Parte hartu nahi duten ikastetxeek inprimaki bat bete behar dute erakunde akademikoaren webgunearen bidez irailaren 27a baino lehen. Gehienez ere hamasei ikastetxe lehiatuko dira gaztelaniaz, eta beste lau euskaraz, eta izena emateko hurrenkeraren arabera aukeratuko dira. 

Lehiaketaren finala Foru Parlamentuan eginen da, eta lehiaketa irabazten duen ikastetxearen taldeko kideek tableta elektroniko bana jasoko dute. Bigarren lekuan sailkatu den taldeko kideek liburuen irakurgailu elektroniko bana jasoko dute. Bidaia-poltsa bat ere badago, jatorrizko ikastetxea Iruñetik 20 kilometrora baino gehiagora duten taldeen joan-etorriak, ostatua eta dietak diruz laguntzeko.

zoom Aurreko ikasturtean Nafarroako Parlamentuan egindako Batxilergoko Eztabaida Lehiaketaren finalaren irudi bat.

Aurreko ikasturtean Nafarroako Parlamentuan egindako Batxilergoko Eztabaida Lehiaketaren finalaren irudi bat.

Ikastetxe bakoitzak talde bakar batekin parte hartuko du, eta Batxilergoko 2. ikasmailako ikasleek osatuko dute taldea. Gutxienez hiru kide eta gehienez bost kide edukiko ditu talde bakoitzak. Kideetako bat kapitaina izanen da. Lehiaketaren oinarriak eta araudia NUPeko Kulturako eta Dibulgazioko webean  daude kontsultatzeko. Gainera, urriaren 18an eta 19an prestakuntzako zenbait saio eginen dira ikastetxeentzat, eta horietan zalantzak plazaratzen ahalko dituzte eta lehiaketaren nondik norakoei buruzko azalpenak jasoko dituzte.

Azken urteotan, NUPek eta Nafarroako Parlamentuak zenbait eztabaida jarduera antolatu dituzte erakunde akademikoko eta Foru Komunitateko Batxilergoko ikasleentzat, eta lehiaketa hau da horietako bat. Unibertsitatean oraindik hasi ez diren ikasleentzako lehiaketa prestakuntza-ekitaldi bat da, eta aukera ona ikasleek zenbait trebetasun gara ditzaten, hala nola jendaurrean mintzatzea, taldean lan egitea, informazioa aztertzea edo argudioak ematea. Beren prestakuntza pertsonalerako interesgarriak izateaz gain, trebetasun horiek unibertsitateko graduko ikasketekin lotutako gaitasun orokor edo zeharkako zenbait osatzen dituzte.

Lehiaketaren nondik norakoak

Taldeak elkarrekin lehiatuko dira, aldez aurretik zozketaren bidez esleitu diren aurkako jarrerak defendatuz gai beraren inguruan. Lehiaketan hitz egiteko txanda itxiak daude (sarrera, bi eztabaida-txanda eta ondorioak), eta talde bakoitzaren txandak 17 minutu iraungo du gehienez ere. Urriaren 2an jakinaraziko da zein izango den lehiaketako eztabaidarako gaia, Unibertsitatearen webgunean

Epaimahaiak alderdi hauek balioetsiko ditu: sarrera, gezurtatze eta ondoriorik onenak, taldearen jarrera, ordena, adierazitakoaren argitasuna, interesa eta erraztasuna, segurtasuna eta gaia menderatzea, inprobisatzeko gaitasuna, mintzaira diskurtsoari begira egokia izatea, eta arintasuna erantzutean.