Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) inskripzio-epea zabaldu du Zientziako eta Kulturako Unibertsitate Zabalpeneko Diplomarako. Aipatu Diploma Tuterako campusean emanen da 2024-2025 ikasturtean. Programa hori interesa duen edonorentzat da aurretiazko titulazioaren beharrik gabe, eta helburua du gai zientifiko, humanistiko eta kulturalei buruzko ezagutza eta gogoeta sustatzea diziplina anitzeko ikuspegi baten bidez. Titulua urritik maiatzera bitartean emanen da, baina moduluak eta haiek osatzen dituzten irakasgaiak –12 ordukoak dira, eta batzuk Erriberako errealitateari heltzen diote espezifikoki– elkarrengandik bereizita ere egiten ahal dira. Diploma egiteko eskaerak urriaren 1era arte aurkezten ahal dira “online” erakunde akademikoaren webgunean.
Tomás Ballesteros Egüés irakasleak zuzentzen du ikastaroa, 21,6 ECTS kreditu ditu eta hemezortzi irakasgaitan banatzen da (bederatzi seihileko bakoitzeko). Irakasgaiak hainbat arlori buruzkoak dira, hala nola historia, zientzia, literatura eta artea. Eskolak presentzialki emanen dira Tuterako campusean, eta horrela ezagutza zientifiko eta humanistikoa Erriberako herritarrei hurbildu nahi zaie. Izan ere, Nafarroako hegoaldeko eremu horretan zentratutako irakasgaien artean nabarmentzekoak dira Tuterako Hirigintzaren Historia, Erriberako Bizitza Politiko eta Munizipala, Migrazioa eta Aterpea Nafarroako Erriberan eta Nafarroako Errege Bardeako Ondare Geologikoa.
Zientziako eta Kulturako Unibertsitate Zabalpeneko II. Diploman izena emateko interesa dutenek informazio gehiago eta inskripzioa egin nahi izanez gero NUPeko Unibertsitatea-Gizartea Fundazioaren web-orrira jo behar dute.