Joan eduki nagusira

Iruñeko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin (NUP), Nafarroako Ondare Materiagabearen Artxiboa garatzeko (Navarchivo). Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak eta Francisco J. Arregui San Martín NUPeko Ikerketako errektoreordeak sinatu dute testua udaletxean egindako bilera batean.

zoom Ezkerretik eskuinera: Francisco J. Arregui, Joseba Asiron eta Alfredo Asiáin, udaletxean.

Ezkerretik eskuinera: Francisco J. Arregui, Joseba Asiron eta Alfredo Asiáin, udaletxean.

Hitzarmenak Udalaren eta NUPeko Nafarroako Ondare Immaterialaren Katedraren arteko lankidetza arautzen du. Alfredo Asiáin Ansorena irakasle eta ikertzailea da Katedraren zuzendaria. Navarchivo proiektua  2006an hasi zen, eta ikus-entzunezko erregistroaren eta analisi antropologikoaren bidez jasotzen ditu Foru Komunitateko (Nafarroa Garaia) eta Nafarroa Behereko (Akitania Berria eskualdea, Frantzia) herritarren bizitzari buruzko istorioak. Egun, Nafarroako udalerrien % 77ren ahozko memoria bildu da (272tik 210).

Proba pilotua duela sei urte

Udalak 2018an ere jardun zuen lankidetzan NUPekin proba pilotu batean, Iruñeko kultura-ondare immateriala ezaugarritzeko. Horretarako, ehun urteak betetako iruindarren bizitzari buruzko sei istorio grabatu ziren. Horrez gain, Udalaren osoko bilkurak aho batez onetsi zuen 2020 urtarrilean hiriaren ondare immateriala bildu, tratatu eta herritarren eskura jartzeko lan-egitasmo bat garatzea.

Lankidetza lau urterako da, eta haren ildo nagusiak ezarriko dituzte, Udalaren aldetik, Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zinegotziak, Iñigo Gomez Eguiluz Alorreko zuzendariak eta alor horretako teknikari batek; NUPen aldetik, berriz, Francisco J. Arregui San Martín Ikerketako errektoreordeak eta Alfredo Asiáin Ansorena Nafarroako Ondare Immaterialaren Katedrako zuzendariak.

Iruñeko Udalak eta NUPek, aldian behin, informazioa trukatuko dute Navarchivo proiektua diseinatzeko eta betetzeko jarduerak nola garatzen ari diren aztertzeko, kontuan hartuta ahozko memoria eta ondare immateriala biltzeko ezarritako eskakizun tekniko eta metodologikoak.