Alejandro Torres Gutiérrez Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Konstituzio Zuzenbideko katedraduna honako liburu honen egilea da: “El sistema federal canadiense de inclusión de la diversidad. Configuración del modelo federal y estructura de los poderes del estado”, Dykinsonek argitaratua.
Liburuaren egileak azaltzen duen bezala, Kanadako eredu federalak, arrazoi politiko pragmatikoak direla-eta 1867an erabilitako formulak, aniztasuna txertatzeko eredu interesgarri bat eskaintzen du. Eredu horretatik “ondorio interesgarriak ateratzen ahal dira”, hala nola lurralde-tentsioei nola egin aurre, sistema parlamentarioaren eraketa eta Senatuaren zeregina, bai eta federazioaren eta probintziaren arteko eskumen-banaketa ere. “Lan honetan Kanadako eredu federalaren jatorria eta eraketa historikoa aztertzen dira, bai eta izandako tentsio sezesionistak eta nola egin zaien aurre tentsio horiei”, zehaztu du. Hala, aztergai dira iturri-sistema berezia, Konstituzio idatzia eta konbentzio konstituzionalak, konstituzioa erreformatzeko sistema konplexua eta konstituzionaltasunaren kontrola edo “judicial review”.
Bestalde —egileak azaltzen duen bezala— Estatuaren botereen egituran sakontzen du liburuak: gobernu arduratsuaren eraketak ekarri zuen oreka delikatua, eta monarkaren, gobernadore nagusiaren eta gobernadoreordeen eskumenak, bai eta lehen ministroaren eta kabinetearen zeregina ere. “Aipagai dira Kanadako bi ganberako sistema bereziaren erronkak, Komunen Ganberaren eta Senatuaren zeregina eta azken ganbera hori erreformatzeko premia, lurralde-ordezkaritzako benetako ganbera bihurtzeko. Eta agerian jartzen da Auzitegi Gorenaren zeregin garrantzitsua azken instantziako auzitegi eta Konstituzioaren interprete goren gisa”, azaldu du Alejandro Torresek. Azkenik, federazioaren eta probintzien arteko eskumen-banaketa aztertzen da, bai eta hura modulatzen duten klausulak ere, bereziki bakearen, ordenaren eta gobernu onaren klausula, merkataritzako klausula eta jabetzari eta eskubide zibilei buruzko eskumen probintziala.