Joan eduki nagusira

Aste honetan, Mugikortasunaren Europar Astea dela eta, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bat egin du Nafarroako Rural Kutxak Iruñeko Udalarekin batera sustatzen duen mugikortasun jasangarrirako ekimenarekin. Ekimenaren helburua da unibertsitateko komunitateko kideek campusetara (NUP eta Nafarroako Unibertsitatea) joan-etorri jasangarria egin dezaten sustatzea alokairuko bizikleta elektrikoaren zerbitzuaren bidez, eta  irailaren 20ra arte, ostirala, sustapen-kodeak emanen dira, zerbitzurako urteko doako harpidetza eta bidaietarako 5 euroko bonu bana dutenak. Bost euroko bonuarekin 16 bidaia egiten ahal dira doan.

zoom NUPeko errektorea eta Nafarroako Unibertsitateko errektorea, Rural Kutxako, Iruñeko Udaleko eta bi unibertsitateetako ikasle eta irakasleen ordezkariekin batera, NUPen Arrosadiko campusean.

NUPeko errektorea eta Nafarroako Unibertsitateko errektorea, Rural Kutxako, Iruñeko Udaleko eta bi unibertsitateetako ikasle eta irakasleen ordezkariekin batera, NUPen Arrosadiko campusean.

Kode horiek banatzeko, unibertsitateko komunitateko kideei arreta emateko mahai batzuk jarriko dira NUPen irailaren 20ra arte, ostirala, 11:00etatik 14:00etara.  Zehazki, Arrosadiko campusean, gaurtik, asteartea, irailak 17, emanen da arreta stand horietan, bai eta irailaren 18an eta 19an, asteazkena eta osteguna. Irailaren 20an, ostirala, Osasun Zientzien Fakultatean izanen da.

Jarduera hori atzo, astelehena, irailak 16, aurkeztu zuten Ride Onek (Iruñeko bizikleta elektrikoaren zerbitzuaren esleipendunak) Gayarre Antzokiaren parean duen geltokian, eta Borja Izaguirre Iruñeko Udaleko Hiri Bizigarri eta Jasangarriko zinegotzi ordezkariak, Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak eta María Iraburu Nafarroako Unibertsitateko errektoreak hartu zuten parte ekitaldian.

Javier Martínezek adierazi zuenez, ekintzak indartu egiten du “Nafarroako Rural Kutxak lurraldearekin duen gizarte- eta ingurumen-konpromisoa, eta erraztasunak eskaintzen ditu hirian errekuntza-ibilgailuetan joan-etorriak saihesteko eta, horrela, kerik gabekoa eta bizigarriagoa den espazio bat lortzeko”. Bestalde, Borja Izaguirrek Nafarroako Rural Kutxa zoriondu zuen, bi unibertsitateetako komunitateetan bizikleta elektrikoaren erabilera bultzatzen duen ekimen bat sustatzeagatik.

Ramón Gonzalok eskerrak eman zizkien Iruñeko Udalari eta Nafarroako Rural Kutxari mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egiteagatik. Orobat azpimarratu zuen “jasangarritasuna sustatu behar dela campus barruan, ikasle eta irakasleen artean. Irakaskuntzaz gain, unibertsitateen konpromisoa da jasangarritasunean parte hartzea, denok gaur eta, garrantzitsuena dena, etorkizunean irabazteko.

Azkenik, María Iraburuk adierazi zuen unibertsitateek zeresan handia dutela jasangarritasunaren arloan, hezkuntzaren ikuspegitik ez ezik, ikerketaren ikuspegitik ere bai. Bestalde, adierazi du beharrezkoa dela “jasangarritasunaren eredu izatea gure bizi-ohiturekin eta ekintzekin”.

Aurkezpenaren ondoren, erakunde horietako ordezkariak bizikletan joan ziren bi unibertsitateetara, Iruñeko erdigunea eta campusa ongi lotuta daudela erakusteko.