UNITA unibertsitateen aliantzak, zeinak bere kideen artean Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) baitu, europar herritartasunarekin lotutako gaiei buruzko gradu amaierako lan (GAL) eta master amaierako lan (MAL) hoberenak aitortzeko sarietarako deia egin du. Nafarroako erakunde akademikoko ikasle guztiek izanen dute parte hartzeko aukera, betiere gai horri buruzko ikasketa amaierako lan bat egin eta aurkeztu badute azken hiru ikasturteetan (2021/2022, 2022/2023 eta 2023/2024). Eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea urriaren 1ean bukatuko da. Deialdia NUPen webgunean dago kontsultatzeko.
Lan irabazleek –kategoria bakoitzeko (gradua eta masterra) bana UNITA unibertsitate bakoitzean– 200 eta 400 euroko saria jasoko dute eskudirutan eta egiaztagiri bat. Sari ekonomikoaz gain, ikusgarritasuna emanen zaie proiektu irabazleei aliantzak eta unibertsitate bazkideek dituzten hedabideen bidez.
Gisa horretako ekimenak antolatuz helburu hau erdietsi nahi du aliantzak: UNITA unibertsitateak dauden lurraldeetako biztanleek hobeki uler ditzatela europar identitatea eta herritartasuna.
Lehiaketaren oinarriak eta garapena
Lehiaketaren oinarriek ezartzen dutenez, parte-hartzaile bakoitzak bere lana aurkeztu behar du gaztelaniaz edo ingelesez idatzia eta PDF formatuan. Dokumentu horri memoria labur bat erantsi beharko zaio, bost orrialdekoa, eta han azalduko da lanak Europako gaiarekin duen lotura, bai eta Europarekin eta UNITA unibertsitateak dauden lurraldeekin izaten ahal duen beste edozein lotura ere. Dokumentazioa erregistroaren bidez aurkeztu beharko da.
Zenbait espezialitatetakoak diren NUPeko hiru irakaslek osatutako epaimahai batek aztertuko ditu aurkeztutako lanak. Epaimahaikideek baloratuko dituzte, beste gauza batzuen artean, lanaren izenburuaren garrantzia, haren egitura, estiloa, edukia eta lanerako egindako ikerketa enpirikoa.
UNITA eta europar nortasuna
UNITA aliantzaren konpromisoetako bat da unibertsitate kideak dituzten gizarte eta lurraldeak garatzen laguntzea europar ikuspuntu batetik, eta Europako herritartasun partekatu baten kontzientzia sustatzea eta, horrez gain, europar identitatea eraikitzen laguntzea.
Ikuspuntu horretatik, aliantzak modu aktiboan erabiltzen ditu ingelesaz gain herrialde bakoitzeko hizkuntza erromantzeak hezkuntzan, ikerketan, berrikuntzan eta kudeaketan, eta horrela hizkuntza-aniztasuna eta inklusioa sustatzen ditu.
UNITAk konpromiso sendoa du Europako balio demokratikoak sustatzeko, hala nola bakea, giza duintasuna eta giza eskubideak, berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa, bai eta europar bizimodua sustatuko duen eskubide osoko Unibertsitate europar bat eraikitzeko ere.
UNITA – Universitas Montium
UNITA – Universitas Montium aliantza 2020an sortu zen, eta egun honako hauek osatzen dute: hamabi unibertsitate, eskubide osoko hamar bazkide eta bi erakunde elkartu. Beraz, 250.000 ikasleko eta 21.000 laguneko giza taldea irakasleen eta teknikari eta administrazioko langileen artean.
Honako hauek dira unibertsitate bazkideak: Barnealdeko Beirako Unibertsitatea eta Guardako Institutu Politeknikoa (Portugal); Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea (Espainia); Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta Savoia Mont Blanceko Unibertsitatea (Frantzia); Turingo Unibertsitatea eta Bresciako Unibertsitatea (Italia); Timisoarako Mendebaldeko Unibertsitatea eta Brasoveko Transilvania Unibertsitatea (Errumania). Honako erakunde hauek parte hartzen dute elkartu gisa: Mendebaldeko Suitzako Goi Mailako Eskola Espezializatua - HES-SO (Suitza) eta Yuriy Fedkovych Chernivtsi Unibertsitate Nazionala (Ukraina).