Beste jarduera batzuen artean lantegiak, lehiaketak eta dibulgazio-hitzaldiak eginen dira urriaren 14tik 18ra, Adimen Artifizialaren Astearen bigarren edizioan. Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak antolatu du ekimena, Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren laguntzarekin. Jardueren helburua da teknologia horren ezaugarriak zabaltzea eta eskaintzen dituen aukerez eta erronkez kontzientziatzea. Unibertsitatean bertan eta Kondestablearen Jauregian eginen dira, bai eta Nafarroako Liburutegian eta Filmotekan eta NUPek Bisitazioko Amen eraikinean duen gunean ere.
Astearen lehen edizioan gertatu bezala, jarduera gehienak dibulgaziozkoak dira, sarrera librekoak eta publiko orokorrari zuzenduak, baina egun bat gorde da adimen artifizialaren arloko ikerketaz aritzeko. Tailerrak eta lehiaketak ere eginen dira, eta, horietarako, izena eman beharko da aldez aurretik. Adimen Artifizialaren Astearen programa osoa NUPen webgunean dago kontsultatzeko, eta han izena ematen ahalko da hala eskatzen duten jardueretan (lantegiak, lehiaketak eta mapatoia).
Adimen Artifizialaren Astearen aurkezpena NUPen. Ezkerretik eskuinera: Mar González Tracasako zuzendari kudeatzailea, Edurne Barrenechea NUPeko Garapen Digitaleko errektoreordea, Fanlo kontseilaria eta Mikel Galar Katedrako zuzendaria.
Hala azaldu dute gaur, astelehena, irailak 16, Edurne Barrenechea Tartas NUPeko Garapen Digitaleko errektoreordeak, Patricia Fanlo Mateo Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak, Mikel Galar Idoate Katedrako zuzendariak eta Mar González Paredes Tracasa Instrumental sozietate publikoko zuzendari kudeatzaileak. Parte-hartzaileek gogorarazi dutenez, Adimen Artifizialaren Astearen lehen edizioak 800 lagun baino gehiago elkartu zituen 17 jardueratan.
Edizio honetako programa sei partetan banatu da: “Adimen Artifiziala zure esku” (dibulgazio-hitzaldiak); “Adimen Artifiziala, zalantza gehiagorik ez” (eztabaida eta galderak adituei); “Aurrerapenak Adimen Artifizialean” (jardunaldi zientifikoa); “Proba itzazu egungo Adimen Artifizialak” (lantegi praktikoak) eta “Artea eta Adimen Artifiziala” (arte-lehiaketak). Adimen Artifizialarekin egindako arte-lehiaketara lanak aurkezteko epea (arte digitala eta mikrokontakizunak modalitateetan), gaur adierazi den bezala, zabalik dago urriaren 9ra arte.
Hitzaldiak, eztabaidak eta saio zientifikoak
Adimen Artifizialaren Asteko hasierako bi eguneko jarduerak dibulgaziozkoak izanen dira, eta sarrera librea izanen dute. Zehazki, inaugurazioa Kondestablearen Jauregian izanen da, urriaren 14an, 18:30ean, eta bertan Carlos Aranda Torres Tracasa Katedrako presidente eta Tracasa Instrumentaleko Berrikuntza zuzendariak “Babesten gaituen Adimen Artifiziala” izanen du mintzagai. Segidan, Julián Estévez Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta Adimen Artifizialaren eta robotikaren arloko dibulgatzaileak hitzaldi hau eman du: “Kodetik gorputzera: adimen artifizialaren transformazioa robotetan eta eguneroko gailuetan”.
Biharamunean, asteartea, urriak 15, 19:00etan, Nafarroako Liburutegian eta Filmotekan, eztabaida-saioa izanen da adituekin “Adimen Artifiziala, zalantza gehiagorik ez” izenburupean. Han hitza hartuko dute Mikel Elkano Ilintxeta Neuraptic AIko CTOak, Leire Arbona Puértolas Legal y Cumplimiento de Veridaseko zuzendariak eta, azkenik, Carlos Fernández de Vigo Professor Octopus AI_LABeko CEOak. Moderatzaile-lanetan arituko da Mikel Galar NUPeko irakasle, ISC ikerketa-institutuko kide eta Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrako zuzendaria.
Asteazkenean, urriak 16, ikuspegi zientifiko eta espezializatu batetik begiratuko zaio adimen artifizialari, NUPen. Jardunaldia 10:00etan hasiko da “Zientzia fikziotik Adimen Artifizial sortzailera eta Adimen Artifizial fidagarrira: 70 urteko berrikuntza” hitzaldi zientifikoarekin, Francisco Herrera Triguero Granadako Unibertsitateko Konputazioaren Zientzietako eta Adimen Artifizialeko katedradunaren eskutik. Gero, ikerketa-mintegi bat eginen da, NUPeko adimen artifizialeko egungo ildoen berri emanen duena, eta, goiza amaitzeko, “Adimen Artifiziala bioseinaleen prozesatzean: aurrerapenak eta aplikazioak” hitzaldia emanen du Marisol Gómez Fernández NUPeko irakasle, INAMAT2ko ikertzaile eta NAIR Center (Navarra Artificial Inteligence Research) erakundeko zuzendari zientifikoak.
Artea, lehiaketak, lantegi praktikoak eta mapatoi solidarioa
Ostegunean, urriak 17, 17:30ean izanen da hitzordua NUPek Bisitazioko Amen komentu zaharrean duen egoitzako Ansoleaga Aretoan (sarrera San Frantzisko kaleko 5 zenbakitik), eta Adimen Artifizialaren aplikazio praktikoei eta adimen artifizialarekin egindako arteari buruzkoa izanen da. Aipatu aplikazio praktikoak probatzen ahalko ditu jendeak. “Artea eta Adimen Artifiziala” lehiaketara aurkeztutako lanak ere erakutsiko dira, eta ekitaldira joaten direnek gogokoen duten lanaren aldeko botoa ematen ahalko dute, eta ekitaldiari amaiera emateko lehiaketako sariak banatuko dira.
Ostiralean, urriak 18, bukatuko da astea aldi bereko tailer praktiko batzuekin. Programazio informatikoaz dakitenentzat da bat, eta dibulgatiboagoak dira beste batzuk. Gai hauei buruzkoak izanen dira monografikoak: “ChatGPTren hastapenak”, Mikel Galar Idoateren eskutik; “Irudiak sortzeko Adimen Artifiziala: ilustratu zure diapositibak”, Iris Domínguez Catena NUPeko Adimen Artifizialeko ikertzailearen eskutik; “Adimen Artifizialak lagunduriko softwarearen garapena”, Javier Lasheras Tracasa Instrumentaleko machine learning engineer-aren eskutik (programazioko oinarrizko ezagutzak dituztenentzat); eta “Marketina ChatGPTrekin”, Mónica Cortiñas Ugalde, Álvaro Saavedra Montejo eta Raquel Urtasun Alonso NUPeko Merkaturatzea eta Merkatuen Ikerketako ikertzaileen eskutik.
Horretaz gainera, Adimen Artifizialaren Astean, Mugarik Gabeko Medikuen Mapatoi solidarioa eginen da: NUPen eta Mugarik Gabeko Medikuen lankidetzari esker duela urte batzuk sortutako proiektua, munduan gatazkan dauden lekuak mapatuz laguntza humanitarioa iritsaraztekoa.