“Esku hartzen: euskaraz egiten dugun Gizarte Lana” (irailak 25) eta “Gainditu gabe dugun erronka. Terrorismoa eta hezkuntza Espainian” (irailak 27) dira Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) datorren astean eskainiko dituen bi ikastaroen izenburuak. Bi kasuetan, matrikula doakoa da, izena emateko epea zabalik dago, eta NUPeko udako ikastaroen webgunean egiten ahal da.
Euskarazko esku-hartze sozialari buruzko ikastaroaren helburuak dira Nafarroako errealitate soziolinguistikora hurbiltzea eta esku-hartze sozialean duen eragina aztertzea, bai eta euskarazko esku-hartze sozialaren aukerak eta erronkak ezagutzea eta etorkizuneko lan-esparrua irudikatzea ahalbidetuko duten sareak sortzea ere profesional, ikasle eta irakasleen artean. NUPek eta Nafarroako Gobernuak antolatu dute, eta Hodei Sarasa Camacho, Iñaki Sagardoy Leuza eta Irune Ansa Eguileta NUPeko irakasleek zuzentzen dute, guztiak ere NUPeko Soziologiako eta Gizarte Laneko Sailekoak. 09:00etatik 14:00etara eginen da NUPen.
Bestalde, terrorismoaren memoria ikasgeletan ardatz duen ikastaroaren helburuak dira egungo erronkak aurkeztea terrorismoari buruzko ezagutza hezkuntza-sisteman txertatzeko, eskolako eskuliburuetan terrorismoa nola azaltzen den ezagutzea, gure gizarteak jasandako terrorismoari buruz. gazteek egun duten ezagutza erakustea, hezkuntzari eta terrorismoari buruzko nazioarteko ekimenak ezagutzea (bereziki Kolonbiako eta Ipar Irlandako kasuak) eta eginda eta egiteke daude hezkuntza-proiektuak aztertzea dituzten zailtasunei eta etorkizunera begira dauden aukerei erreparatuz . Ikastaroaren zuzendariak dira Marta Rodríguez Fouz NUPeko irakasle eta I-COMMUNITAS Gizarte Ikerketa Aurreratuko Institutuko ikertzailea eta Raúl López Romo Historia Garaikideko doktore eta Terrorismoaren Biktimak Oroitzeko Zentroaren hezkuntza- eta erakusketa-arloaren arduraduna. NUPek, Terrorismoaren Biktimak Oroitzeko Zentroa Fundazioak eta Terrorismoaren Biktimen Fundazioak antolatu dute Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.