Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) inskripzio-epea ireki du bere ikasleek izena eman dezaten nazioarteko garapenari eta lankidetzari buruzko doako ikastaro batean, batez ere Prestakuntza Solidarioko programa egin behar duten ikasleentzat bada ere, horientzat nahitaezkoa baita. Ikastaroa irailaren 21etik azaroaren 23ra bitarteko zortzi larunbatetan eginen da, eta Alicia Chicharro Lázaro irakaslea da haren zuzendaria. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 16an bukatuko da.
Ikasleak garapenerako esku-hartzeetan aktiboki parte hartzeko beharrezkoak diren gaitasunetan trebatzea da ikastaro honen helburua. Erabat praktikoa den metodologia baten bidez, ikasleek askotariko testuinguru eta arazo sozialei buruzko gogoeta eginen dute, baita, modu horretan, gaitasun jakin batzuk garatu ere, hala nola ikuspegi globala eta kulturartekoa, erantzukizun soziala, arazoen konponbidea, pentsamendu kritikoa edo espiritu ekintzailea. Prestakuntza honetan, hainbat erakundek eta pertsonak lankidetzaren, ekonomia sozial eta solidarioaren, hezkuntza inklusiboaren, udal kudeaketa parte-hartzailearen eta kontsumo arduratsuaren esparruan gauzatutako proiektuen eta ekimenen esperientziak partekatuko dituzte.
Munduko egoeratik garapen jasangarrira
Tituluaren edukiak bost multzotan daude banatuak: munduko egoera eta giza garapen jasangarria (2030 Agenda, globalizazioa, migrazioak...); garapenerako lankidetza; garapen jasangarria (klima-aldaketa, ingurumeneko erronkak...); ekonomia soziala eta solidarioa; eta, azkenik, nazioarteko elkartasuna. Honako hauek dira irakasleak: NUPeko irakasleak eta Alboan, Gurutze Gorria, Intermón Oxfam, Mugarik Gabe eta SETEM Nafarroa GKE-etako eta Nafarroako Garapenerako GKE-en Koordinakundeko langileak.