Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloetan egindako Ikasketa Amaierako Lanei buruzko Poster Lehiaketaren VI. edizioaren deialdia egin du. Lehiaketak 2.700 € ditu saritan, eta eskaerak aurkezteko epea irailaren 23an amaituko da. Aipatu katedraren webean kontsultatzen ahal da deialdiari buruzko informazio guztia.
Gradu edo master amaierako lana 2023-2024 ikasturtean defendatu duten NUPeko emakumezko ikasleentzat da lehiaketa, betiere lanen edukia zientziaren eta teknologiaren esparrukoa bada. Gradu-amaierako lanen kasuan, beste unibertsitate batean ikasketak egin dituzten ikasleek ere parte hartzen ahalko dute, baldin eta 2024-2025 ikasturtean NUPen matrikulatuta badaude.
Bi modalitateetako bakoitzean (gradua eta masterra) 900 euroko lehen sari bat eta 450 euroko bigarren sari bat emanen dira.
Gradu eta master amaierako lanek defendatuta eta gaindituta egon behar dute eskaerak aurkezteko azken egunean. Izangaiek pdf formatuko poster bat aurkeztuko dute lehiaketara, eta diseinu horizontala nahiz bertikala izaten ahal du. Posterrean, ikasleek beren ikasketa amaierako lanaren ideia garrantzitsuenak islatuko dituzte, eta, geroago, lehiaketa egiten den egunean, haren edukia defendatuko dute ahoz, bost minutuan, lehiaketaren epaimahaiaren aurrean.
Ikertzaileen Gau Europarrean eginen da lehiaketa, hots, irailaren 27an (ostirala), arratsaldean, Iruñeko CIVICAN kulturgunean.
Deialdiaren oinarrien arabera, epaimahaiak alderdi hauek hartuko ditu aintzat: ikasketa amaierako lanaren kalitatea eta interesa zientziaren eta teknologiaren esparruari egindako ekarpenarekin loturik; nola dagoen egina posterra, hots, laburra eta argia den eta ongi aurkeztua dagoen; lehiaketaren eguneko azalpenak eta epaimahaikideen galderei emandako erantzunak; eta izangaia ongi egokitu ote zaion ahozko defentsa egiteko emandako denborari.
Emakume gehiago zientzian eta teknologian
NUPek eta Nafarroako Gobernuak 2019an sortu zuten Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra. Katedraren xedea da emakumeek zientzian eta teknologian parte har dezaten bultzatzea, emakume kopurua handiagotuz ZTIM titulazioetan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika), bai eta arlo horietako ikerketa sustatu eta haietan genero ikuspegia sartzea ere.