Joan eduki nagusira

Hogeita hamar herrialdetako 213 ikasle atzerritarrek (145 emakume eta 68 gizon) Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) eginen dute 2024-2025 ikasturteko udazkeneko seihilekoa, erakunde akademikoak eskaintzen dituen nazioarteko mugikortasuneko programetakoren batean. Horien artean 34k eginen dute ikasturte osoa NUPen. Gainera, Espainiako unibertsitateetako beste 35 ikasle ere ikasturte hasiera honetan hasiko dira NUPen, SICUE-Seneca estatu barneko mugikortasun programari esker. Bestalde, atzerriko 19 ikaslek master ikasketak hasiko dituzte NUPen.

zoom Atzerriko ikasleak, NUPen ongietorria egiteko jardunaldian.

Atzerriko ikasleak, NUPen ongietorria egiteko jardunaldian.

Atzerriko ikasleak abuztu bukaeran hasi ziren Unibertsitatera iristen, eta nazioarteko ikasleei ongietorria egiteko jardunaldietan parte hartu dute. Horietan, unibertsitateko egonaldian egiten ahal dituzten ikasketen edukiari eta kultur eta kirol jarduerei buruzko informazio hitzaldiak izan dituzte.

Ongietorriaren barnean, Unibertsitateko Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Errektoreordetzak koordinatuta, bisita gidatu bat ere eskaintzen zaie Unibertsitatean barrena, bai eta NUPen egin daitezkeen ikasketei eta kultur eta kirol jarduerei buruzko informazio hitzaldiak ere. Unibertsitateko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian espainierari buruzko astebeteko ikastaro trinkoa eta doakoa egiteko aukera ere badute.

Gainera, Buddy programan parte hartzen duten NUPeko ikasleek laguntza emanen diete etorri berriei. Harrera ekimen horren bidez kanpoko ikasleei laguntza ematen zaie dela Iruñea eta Unibertsitatea ezagutzeko, dela beste zenbait kontutarako, hala nola bizilekua bilatzeko eta zenbait tramite egiteko. Ikasturte honetan hogeita hamar bat ikasle boluntario daude programarako.

Programak eta herrialdeak

Aipatu denez, nazioarteko ikasleak 22 herrialdetakoak dira, gehienak Europakoak, eta honela daude banatuta: Italia (53), Alemania (17), Frantzia (13), Turkia (8), Polonia eta Txekiar Errepublika (bosna ikasle); Portugal (4); Herbehereak (3); Danimarka eta Errumania, (bina ikasle); eta Austria, Belgika, Irlanda, Grezia eta Eslovakia (ikasle bana).

zoom Atzerriko ikasleei zuzendutako saioen une bat.

Atzerriko ikasleei zuzendutako saioen une bat.

Horiez gain, herrialde hauetako ikasleak ere badatoz: Mexiko (22); Estatu Batuak (13); Txile (12); Peru (13); Kolonbia eta Brasil (hiruna ikasle); Kanada eta Argentina (bina ikasle) eta Bolivia, Puerto Rico, El Salvador, Uruguai (bana). Orobat Txina (11), Taiwan (3) eta Israel (2). Herrialde hauek ikasle bana dute: Aljeria, Burundi, Maurizio, Maroko, Ukraina, Pakistan eta Japonia. 
Programa motaren arabera, Erasmus+ (Europako eta beste herrialde elkartu batzuetako ikasleekin trukea egiteko) da ikasle gehien dituen programa (128 ikasle), eta haren atzetik dator Palafox, Latinoamerikarekin trukea egiteko (61 ikasle). Gainerako ikasleak ISEP USA programaren bidez, unibertsitateen arteko aldebiko hitzarmenen bidez edo ikasle bisitari modura datoz.