Joan eduki nagusira

Gaur, ostirala, irailak 6, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 2024-2025 ikasturteari hasiera eman dio hirurehun lagun inguru bildu dituen ekitaldi batean. María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Ramón Gonzalo errektorea izan dira ekitaldiaren buruak, eta Foru Komunitateko agintari nagusiak eta Unibertsitateko komunitateko kideak ere bertan izan dira. Hasierako ikasgaiaren izena “Sinbiosia: elkarrekin bizitzearen erronkak” da, eta Cesar Arrese-Igor Sánchez Landare Fisiologiako katedradunak eman du.

Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasi da, segizio akademikoa Fernando Remacha aretoan sartu denean, hots, togadun irakasleak, NUPeko errektore ohiak eta beste unibertsitate batzuetako errektoreak, errektorea, Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, “Zura Quartet” laukoteak “Erresumako Gortearen Sartzerako Martxa” (anonimoa, XVIII. mendea) jotzen zuen bitartean.

zoom Fernando Remacha aretoaren ikuspegi orokorra, ekitaldiko parte-hartzaileekin.

Fernando Remacha aretoaren ikuspegi orokorra, ekitaldiko parte-hartzaileekin.

Jarraian, Roldán Jimeno Aranguren unibertsitateko idazkari nagusiak aurreko ikasturteko memoriaren laburpen bat irakurri du, eta aldi horretan, ikerketari, irakaskuntzari, transferentziei eta aliantza instituzionalei dagokienez, erakundeak izan dituen datu nagusiak eman ditu. Hala, beste datu batzuen artean, nabarmendu ditu 2023-24 ikasturtean NUPen emandako ikasketa ofizialen 88 programak, unibertsitateko ikasgeletatik igaro diren graduko, masterreko eta doktoretzako 10.161 ikasleak eta ikasturte honetan ezarritako hiru gradu berriak eta zortzi master berriak, bai eta Erasmus Mundus Master berri baterako lortutako europar finantzaketa ere. 

Orobat azpimarratu du NUPeko zentro guztien egiaztapen instituzionalaren, hezkuntza-berrikuntzako proiektuen, plan estrategiko berriaren edo Osasun Zientzien eraikineko lanen martxaren garrantzia. Bestalde, NUPek lortu dituen lehiaketa bidezko deialdien 76 proiektuei buruz jardun du, eta esan du proiektu horiek 8,3 milioi euro bereganatu dituztela. Orobat aipatu ditu Ramón y Cajal kontratuei esker NUPen lanean diharduten 9 lagunak eta gaineratu du doktoratu aurreko kontratuak dituzten 40 lagun hasi direla lanean unibertsitatean. Nazioarteko mugikortasunari dagokionez, joan den ikasturteko maximo historiko berri bat nabarmendu du: 960 ikasle (384 sartu berriak eta 576 atera berriak).

Ondotik, Cesar Arrese-Igor katedradunak hasierako ikasgaia irakurri du, eta, jarraian, Ramón Gonzalo errektoreak hitzaldia eman du. Azkenik, María Chivite Nafarroako lehendakariak ofizialki eman dio hasiera ikasturte akademikoari.

zoom Segizio akademikoaren desfilea.

Segizio akademikoaren desfilea.

Ekitaldian Foru Komunitateko agintari nagusiak eta esparru politikoko, erakunde judizialetako eta ekonomia- eta gizarte-erakundeetako ordezkariak izan dira. Arlo akademikoari dagokionez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore ohietako bik hartu dute parte: Julio Lafuentek eta Antonio Pérez Pradosek. María Iraburu Nafarroako Unibertsitateko errektoreak ere parte hartu du.

Ekitaldian zehar, zenbait pieza musikal interpretatu dituzte Iruñeko Orfeoiak eta Iruñeko Orfeoiaren Gazte Abesbatzak, biak Igor Ijurraren gidaritzapean, eta pianoan Diana Yerro zela eta Zura Quartet laukotearekin parte-hartzearekin, zeina Leire Fernández Sainz de Murietak, Mario Oroz Arraizak, Daniel Sádaba Bermejok eta Igor Saenz Abarzuzak osatzen baitute.

Errektorearen hitzak

Ramón Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak ikasturtearen hasierako hitzaldiari ekin dio erakundeak azken urteetan izan dituen “lorpen esanguratsuak” aipatuz. Aurrerapen horiei esker, Gonzaloren arabera, NUP Espainiako unibertsitate publikoen buru izan da graduko eta masterreko ikasketak amaitu dituztenen enplegagarritasunean, ikerketarako funtsak % 150 handitu dira azken bost urteetan, eta masterreko eta doktoretzako ikasle atzerritarren kopuruak hazten jarraitu du, % 20 eta % 25 arte, hurrenez hurren. Gainera, azpimarratu du graduak urtero betetzen direla lehen ikasmailetan, ikasleen ehunekoa % 100 ingurukoa dela, eta NUPeko ikasleen komunitatea % 20 baino gehiago igo dela azken lau urteetan, titulazio berriak ezarri direlako. “Lorpen horiek unibertsitateko komunitatearen ahalegin kolektibo baten eta erakundeen, enpresaren eta gobernuaren babesaren emaitza dira”, ondorioztatu du Gonzalok. Errektorearen iritzian, “gure komunitatearen aurrerapenarekin eta ongizatearekin dugun konpromisoaren erakusgarri dira”.

Nolanahi ere, errektoreak azpimarratu du azken bi urteetan lege- eta testuinguru-aldaketak gertatu direla, eta erakundean eragin sakona izan dutela. Horien artean aipatu du, nagusiki, Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoa (LOSU). Errektorearen arabera, “nabarmen aldatu ditu gure funtzionamenduaren funtsezko alderdiak” zenbait gaitan, hala nola irakasleen egitura, zerbitzu berrien sorrera edo baliabide jakin batzuk nahitaez ikerketan edo nazioartekotzean erabili beharra.

zoom Errektorea, ekitaldian.

Errektorea, ekitaldian.

Ramón Gonzalo errektoreak bere hitzaldian nabarmendu du NUPek finantzaketa-hitzarmen bat behar duela lehenbailehen, egungo desafioei aurre egiteko eta gainditzeko, eta horrela bermatzeko “gure ikasle, erakunde eta enpresek aurrerantzean ere etekina aterako diotela unibertsitate egonkor eta konprometitu bati”. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren, Parlamentuaren eta nafar gizartearen babesa eta konfiantza eskatu ditu denek elkarrekin “berma dezagun gure unibertsitateak funtsezko oinarria izaten jarraituko duela gure komunitatearen garapen sozial, kultural eta ekonomikoan”.

Alde horretatik, Ramón Gonzalok azaldu du gaur egun NUPek ez duela Nafarroako Gobernuaren konpromiso zehatzik finantzaketarako, ”aukera emanen diguna gure xedeak betetzeko eta aurretik ditugun erronkei bermeekin heltzeko”. Xede eta erronka horien artean aipatu ditu LOSUk eskatutako irakasle berriak kontratatzea, prestakuntzaren kalitatea mantentzea, Nafarroako ehun ekonomiko industrialerako transferentzia eta ikerketa egonkortzea, ikasleen nazioarteko mugikortasuna bultzatzea, Tuterako campusa garatzea edo Osasun Zientzien Fakultateko eraikin berria irekitzea. 

Hasierako ikasgaia 

Bere hasierako ikasgaian, Pedro Aparicio Tejo NUPeko katedradun jubilatuaren ikerketa-lana goraipatu zuen Cesar Arrese-Igor katedradunak. Orobat nabarmendu zituen NUPeko hainbat laguntzailek hogeita hamar urtean egindako lana eta erakunde publikoen finantzaketa, tartean Europar Batasuna, Espainiako Gobernua eta Nafarroako Gobernua. 

zoom Cesar Arrese-Igor, hasierako ikasgaia ematen.

Cesar Arrese-Igor, hasierako ikasgaia ematen.

Katedradunaren hasierako ikasgaia sinbiosiari buruzkoa izan zen. Ikasgaiaren amaieran, prozesu hori aldarrikatu zuen lehian aritzea baino erabilgarriagoa dela nabarmenduz: “eboluzioaren eragile nagusia indartsuenaren biziraupena dela eta, azken finean, geneak lekualdatzen ditugun edukiontziak baino ez garela azpimarratzen duten ideia orokortuen aurrean, sinbiosia, hainbat espezietako organismoen elkarketa, garrantzia kalkulaezineko indar ebolutibo gisa agertzen da. Eta esaten digu, testuinguru askotan, elkarlanean aritzea erabilgarriagoa dela lehiatzea baino”, esan du.

Oro har ikerketa-lanaren garrantzia ere nabarmendu zuen. “Ikerketa esperimentala garestia da, garestia denez, eta batzuetan haren emaitzak aurrerago jasotzen dira. Baina ikertzea hil ala bizikoa da”, ziurtatu du.

Cesar Arrese-Igorren CV laburra

Cesar Arrese-Igor Landare Fisiologiako katedraduna eta NUPeko IMAB ikerketa institutuko kidea, besteak beste, Nitrogenoaren Finkapenerako Espainiako Elkarteko (SEFIN) burua edo NUPeko Ikerketa errektoreordea izan da.

Cesar Arrese-Igorrek 70 argitalpenetik gora egin ditu eragin handiko nazioarteko aldizkarietan, baita beste 50 ekarpen zientifiko ere zenbait formatutan. Espainiako nahiz nazioarteko hogeita hamarretik gora ikerketa-proiektutan hartu du parte, eta ikertzaile nagusi izan da haietako erdietan baino gehiagotan. Hiru libururen editorea da, hamaika doktoretza-tesi gidatu ditu, nazioarteko patente baten egilea da eta artikulu zientifikoen, doktoretza-tesien eta Espainiako nahiz nazioarteko ikerketa-agentzien ebaluatzailea da. Editore elkartua izan da nazioarteko hiru aldizkari zientifikotan.