Gaur, osteguna, irailak 5, hasi da Navarra Lan Partyren zazpigarren edizioa. Topaketak 400 lagun baino gehiago elkartuko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), gaurtik hilaren 8ra arte, igandea. Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkarteak (ANDITEC) eta erakunde akademikoak antolatu dute ekitaldi teknologikoa. Programaren barruan, Elesky pianista eta “streamer”-aren doako kontzertua izanen da, eta bideojoko eta telesail mitikoetako musika-konposizioak interpretatuko ditu. Bihar, ostirala, 20:00etan hasiko da musika-emanaldia Nafarroako kiroldegi unibertsitarioan, eta sarrera librea izanen da toki guztiak bete arte.
Honako erakunde hauek babestu dute Navarra LAN Party: Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udala, Tracasa Global eta Tracasa Instrumental, Naudit, Gasteiz componentes electrónicos eta Lacturale. Laguntzaile dira, bestalde, Proquo, Bequant eta PC Box Irún.
Ezkerretik eskuinera: Edurne Barrenechea, Patricia Fanlo, Mikel Armendáriz eta Iñigo Aguas, inaugurazio-ekitaldian.
Honako hauek hartu dute hitza inaugurazio ofizialean: Edurne Barrenechea Tartas, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Garapen Digitaleko errektoreordea; Patricia Fanlo Mateo, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria; Mikel Armendáriz Barnechea, Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi ordezkaria Iruñeko Udalean, eta Iñigo Aguas Ardaiz ANDITECeko presidentea.
Bi gune jardueretarako
Nafarroako kiroldegi unibertsitarioan eginen da Navarra LAN Party, eta bi gune izanen ditu. “Party Place” izenekoan, 400 ordenagailu instalatu dituzte, abiadura handiko Interneteko konexiodunak; hor, e-sportseko lehiaketak egin eta Twitch bidez emanen dira, eta beste lehiaketa batzuk ere antolatu dituzte, zeinetan 3.000 euro banatuko baitituzte sarietan. Antolatzaileek, besteak beste, Super Smash Bros, FIFA, Tekken eta Rocket League txapelketak antolatu dituzte, sormen digitaleko beste lehiaketa batzuez gain (argazkien ukituak, 3D sormena, musika edo bideojokoak).
Bestalde, “Open Space” gunean, edonor sartzen ahalko da dohainik gaur, bihar eta larunbatean 10:00etatik 20:00etara; han, aukera egonen da kontsolak probatzeko, gidatzeko simulagailuetan ibiltzeko eta errealitate birtualeko esperientziak edukitzeko, eta hiru dimentsiotan inprimatzeko eta teknologiari buruzko hitzaldiak entzuteko gune bat ere izanen du. Bihar, ostirala, Eleskyren kontzertua eginen da gune horretan.
Aurten, Nafarroako Gazteriaren Institutuari esker, ehun gazte baino gehiagok parte hartuko dute diru gutxiago ordainduta. Izan ere, Nafarroako gazte txartel europarra edukitzeagatik, hamar euroko deskontua dute lau egunetarako abonuaren prezioan eta bost eurokoa eguneroko sarreretan.
IKTen aldeko elkartea
Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkartea (ANDITEC) irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, 2018an sortua, eta Nafarroan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) zabaltzea eta bultzatzea du helburu, bai eta gizarteari teknologia hurbiltzea eta teknologien inguruko komunitatea sortzea ere.
Ekitaldiari buruzko informazio gehiago dago Navarra LAN Partyren webgunean eta Twitterreko eta Instagrameko @navarralanparty kontuetan.