Joan eduki nagusira

Irailaren 10etik 12ra bitartean, Kultura Modernoari buruzko 2. ikastaroaren egoitza izanen da Nafarroako Museoa. Oraingoan “Gosea eta krudelkeria. Gerra Aro Modernoan” izanen du izenburua, eta José Francisco Alenza García Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Administrazio Zuzenbideko katedradunak zuzenduko du. Izena emateko epea zabalik dago, eta irailaren 9an amaituko da.

Ikastaro honen helburua da Aro Modernoko kulturarako hurbilketa eta ikusgarritasuna erraztea herritarrei. Aro Modernoa inprenta asmatu zenetik Frantziako Iraultzara bitarteko aldia da. Haren premisa da arte eta kultura-ondare guztia garaikidea dela, iraganeko kultura-adierazpenek orainaldiko arazoei buruzko gogoetak argitzen eta aberasten dituztelako.

zoom José F. Alenza, NUPen.

José F. Alenza, NUPen.

Ikastaro honek diziplina anitzeko ikuspegia hartzen du ikusteko nola hautematen eta sentitzen zen gerra Aro Modernoan Artearen, Literaturaren edo Musikaren bidez, eta, gainera, nola baloratzen zen Filosofian eta Zuzenbidean. Hiru jardunaldi ditu. Lehenengo jardunaldian, Lorenzo Silva idazleak erakutsiko du gerrak literaturan izan duen isla, sorreratik gaur egunera arte, eta arreta berezia eskainiko dio Aro Modernoari. Bigarren jardunaldian, Pablo Antonio Fernández Sánchez Nazioarteko Zuzenbide Publikoko katedradunak azalduko ditu Aro Modernoko gerraren araudi juridikoa eta gaur egungo inplikazioak. Hirugarren eta azken jardunaldian, Alvaro Soler del Campo Madrilgo Errege Jauregiko Errege Armagintzako adituak Aro Modernoko armaduren ekoizpen nafarrari buruz hitz eginen du. Azkenik, ‘KUARIST’ laukote nafarraren kontzertu-hitzaldi batek emanen dio amaiera ikastaroari. Saio guztiak 18:00etan hasiko dira, eta, amaitzean, hizlarien eta bertaratutakoen arteko eztabaida eta galdera txanda irekiko da..