Iraileko bigarren hamabostaldian, udako ikastaro hauek eskainiko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoak: “Gorroto-diskurtsoen eta "fake news” direlakoen eragina gazteengan” (irailaren 16tik 19ra bitartean) eta “Begirada poliedrikoak hiriari” (irailaren 16tik 18ra bitartean). Bi kasuetan inskripzioa egiteko epea zabalik egonen da irailaren 11 arte, eta NUPeko udako ikastaroen webgunean egiten ahal da.
Antolatzaileen arabera, lehen ikastaroa gorroto-diskurtso eta negazionistei emandako erantzuna da. Diskurtso horien arrazoi sakonak ulertu nahi ditu eta bultzada ematen dieten faktoreei aurre egin, bai eta diskurtso horiei aurre egiteko estrategiak aurkeztu ere. Rubén Lasheras Ruiz NUPeko irakasleak zuzendu eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak finantzatzen du monografikoa, eta gazteriaren esparruko ikasle, irakasle eta profesionalei zuzenduta dago, bai eta gorroto-diskurtsoei aurre egiteko tresnak eskuratu nahi dituzten eta justizia sozialaren alde lanean diharduten elkarteen ikuspuntuak gertutik ezagutu nahi dituzten gazteei ere. Sario eraikineko 04. gela erantsian eginen da.
Bestalde, Celso Sánchez Capdequí NUPeko irakasle eta I-COMMUNITAS institutuko kideak antolatu du Fermín Alvira artistarekin batera eta Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan “Begirada poliedrikoak hiriari” izeneko ikastaroa. Monografikoak helburu hauek ditu: bizi garen hiriaren eta, oro har, hiriaren kontzeptuaren inguruan gogoeta egitea eta eztabaidatzea; kulturan, begirada sentikorrean eta edertasuna sortzean oinarritutako elkarrizketarako eta dibertsiorako guneak sortzea; NUPen eta Iruñeko hiriaren arteko lotura estutzea; erabilgarritasun didaktiko eta dibulgatiboko materiala sortzea, pertsonak aberasten eta sentsibilizatzen laguntzeko; eta, azkenik, adin guztietarako ongizatea sustatzea, kalitateko hezkuntza ekitatiboaren alde eginez eta berdintasun- eta inklusio-gaiei erantzunez. Interesa duen edonori zuzenduta dago, eta Nafarroako Museoan izanen da.