Gaur, astelehena, irailak 2, graduko lehen ikasmailako 2.250 ikasletik gora izan dira Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) urtero Iruñeko campusean (Arrosadia eta Osasun Zientziak) eta Tuterako campusean antolatzen duen ongietorria egiteko jardunaldian. Graduko ikasmaila guztietako ikasleek, 8.700 lagunetik gora, bihar asteartea, irailak 2, hasiko dituzte eskolak.
Jardunaldi horretan, titulazioak banaka-banaka aurkezten dizkiete horietako bakoitzak egin behar duten ikasleei, eta argibide orokor baliagarriak ematen dizkiete etapa berrirako, hala nola NireIkasgelategiari eta Mentoretza Programari buruzkoak. Horrez gain, karpa bat jarri dute Arrosadiko campuseko Liburutegiaren eta Ikasgelategiaren arteko zelaigunean, eta, hango informazioguneetan ikasleek aukera izan dute Unibertsitateak eskaintzen dituen zerbitzu eta jardueretako batzuk ezagutzeko, baita ikasleen elkarteen berri izateko ere. Hantxe, NUPen opari bat jaso dute.
Bestalde, karpan jarritako agertokian, NUPeko Antzerki Taldeak “Sol” antzezlanaren eszena baten bi emanaldi egin ditu, eta kirol erakustaldiak ere izan dira, Unibertsitatean egin daitezkeen jardueren erakusgarri. Gainera, ikasleek bisita gidatuak egin dituzte Liburutegira.
Zerbitzuen ataria eta NireIkasgelategia
Ongietorria egiteko jardunaldian, Unibertsitateko barne aplikazio informatikoak nola erabili ere azaldu zaie ikasleei. Hala, aditzera eman zaie zerbitzuen atariaren bidez sarbidea dutela, esaterako, web postara, espediente akademikora, Liburutegiko zerbitzu jakin batzuetara edo jarduera eta ekitaldien agendara, bai eta NireIkasgelategira ere. Irakasteko, ikasteko eta lankidetzan aritzeko plataforma birtual bat da azken hori, ikasleek beharrezkoa dutena Unibertsitatean dauden bitartean. Plataformak zenbait zerbitzu eskaintzen dizkie ikasleei, hala nola beren matrikulako irakasgai guztietan sartzeko aukera.