Garikoitz Mendigutxia Psikologian lizentziadunak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza-tesian aztergai izan du Gizakia Helbururen Suspertu programa, arrisku-egoeran dauden nerabeei eta haien familiei zuzendutako esku-hartze programa. Haren tesiak babesten du 13 urtetik 20 urtera bitarteko gazteen problematika indibiduala, familia, eskola, aisia eta arrisku-portaerak modu integralean lantzeko programa horren eraginkortasuna, eta José Javier López Goñi Osasun Zientzien Saileko irakasleak zuzendu du tesia.
Ikerketa zentratzen da droga kontsumoaren eta/edo beste arrisku-portaeren ondoriozko arazoak izanda programan parte hartu zuten nerabeen azterketan. Emaitzak atera ziren galdetegi eta elkarrizketen bidez, esparru pertsonaleko aldagaiak, sintomatologia psikopatologikoa, familia- eta eskola-ingurunea eta arrisku-portaerak aztertuz.
Tesiak erakusten du Suspertu programaren erabiltzaile gehienak 16 urteko neska-mutilak direla, beren jatorrizko familiarekin bizi direnak, jarduera akademikoa dutenak eta arazo judizialak eta osasun mentaleko diagnostikoak dituztenak (neurri handi batean, arreta defizitaren nahasmenduak hiperaktibitatearekin edo hiperaktibitaterik gabe). “Nerabe horiek, hasierako egoeran, ondoez psikologiko handia dute, introbertsioaren prebalentzia handia eta sentsazioak bilatzen dituzte, orobat autoestimu txikia eta frustrazioarekiko tolerantzia txikia dute, bai eta okertze nabarmena ere familia-harremanean”, azaldu du tesiaren egileak.
Ikerketatik ondorioztatzen denez, laguntza eskatzera bultzatzen duen substantzia marihuana da nagusiki, oso gazterik hasita kontsumitzen eta beste arrisku-portaera batzuekin, eta eskola- eta familia-eremuetan arazo handiak daude.
Programan parte hartzearen onurak
“Programan parte hartu ondoren, nabarmen hobetu da zenbait arlotan”, ziurtatu du Garikoitz Mendigutxiak. Hala, nerabeek autoestimu, autoefikazia, plangintza eta erabakiak hartzeko gaitasun handiagoa dute, bai eta frustrazioarekiko tolerantzia handiagoa ere. Orobat ondoez psikologikoa gutxitu da, eta ongizatea handitu, eta familia-dinamika hobetu, eta aldaketa handiak izan dira komunikazioan, afektuan eta autonomian, baita familia-gatazkak gutxitu ere.
Bestalde, eskola-esparrua ebaluatzeko hautatutako aldagaiak asko aldatu ez badira ere, parte-hartzaileek hobekuntza arin bat izan zuten alderdi horretan. “Azkenik, kalamuaren kontsumoa eta bestelako arrisku-portaera batzuk alde batera uztea edo gutxitzea lortu zen, eta horrela programaren helburu nagusietako bat bete zen”, esan du NUPeko doktore berriak. Pertzepzio klinikoaren arabera, arlo horretako hobekuntza asko marihuanaren kontsumoa murriztearen ondorioa dira, ikerketak zehazten duenez.
“Suspertu programak problematika indibiduala, familia, eskola, aisia eta arrisku-portaerak modu integralean lantzean izan duen eraginkortasuna babesten dute emaitza horiek, eta osagai anitzeko esku-hartzeek prebentzioan duten garrantzia azpimarratzen dute”, esan du tesiaren egileak.
Ikerketa hori argitaratuta, programan parte hartzen zuten familiekin egindako esku-hartzearen eraginkortasunari buruzko beste ikerketa argitaratu batekin batera, Garikoitz Mendigutxiak ondorioztatu du ezen Suspertu programak aurreikusten duela droga-kontsumoen prebentzio adierazirako Europako lehen programa izanen dela, Drogen eta Adikzioen Europako Behatokiaren ebidentzia handiko oinarrietako programa eraginkorren artean sartuko dutena.
Garikoitz Mendigutxiaren CV laburra
Garikoitz Mendigutxia Psikologian lizentziaduna da Santiago de Compostelako Unibertsitatean, eta NUPeko Osasun Zientzietako Ikerketako Unibertsitate Masterra du. 20 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du zailtasunak dituzten nerabe eta gazteekin lanean, eta azken 14 urteetan Suspertu Programan nerabeak artatzen aritu da. Programaren zuzendaria da 2017tik.
Droga-kontsumoen prebentzioarekin eta nerabezaroko beste arrisku-portaera batzuekin lotutako zenbait kolaborazio eta argitalpenen egilea da.