Manuela Laborda Ibáñez abokatuak proposatu du enpleguko pentsio-planak hobetzea. Enpresa edo erakundeek langileentzat sustatutako epe luzerako aurrezpen-aurreikuspen tresnak dira, eta Gizarte Segurantzaren jubilazioko pentsio publikoa osatzeko helburua dute. Hala, Espainian estaldura osagarri efizienteagoa emanen litzaieke lan merkatutik erretiroa hartzen dutenei. Hala jasotzen du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesian. Tesiak eredu “sinple eta gardenagoa” ezartzearen aldeko apustua egiten du enpresa txiki eta ertainetara zabaltzeko. Haren ikerketaren arabera, 21 milioi landunetatik bi milioi landunek (gehienak enpresa handietakoak) baino ez dute aurrezteko tresna pribatu hori.
Enpleguko pentsio-planak 1987ko Pentsio Planen eta Funtsen Legearen bidez sartu ziren formalki Espainian, eta Gizarte Segurantzaren pentsio publikoa osatzeko tresna boluntario eta pribatuak dira. Gizarte Segurantzaren pentsio publikoa nahitaezkoa bada ere, enpleguko pentsio-planak aukerakoak dira, eta diseinatuta daude langileen jubilazioa hobetzeko prestazioak ordeztu gabe.
Tesiak nabarmentzen duenez, 2000ko hamarkadaren lehen urteetan, enpresen pentsio-konpromisoak kanpora ateratzearen ondorioz, enpleguko pentsio-planek hazkunde esanguratsua izan bazuten ere, geroztik hazkundea moteldu egin da. Egun, plan horien ezarpenari dagokionez, alde handia dago enpresa handien eta enpresa ertain eta txikien artean. “Horien ezarpena nahiko esanguratsua izan da konpainia handietan; enpresa txiki eta ertainetan edo sektoreka, berriz, ia ez dira garatu —azaldu du Manuela Labordak—. Nolanahi ere, 2022an, Eraikuntzaren Sektoreko Hitzarmen Orokorrak negoziatu zuen estatu mailan pentsio plan bat formalizatzea, enpleguko pentsio-planak bultzatzeko arauketari buruzko 2022ko ekainaren 30eko 12/2022 Legearen eta haren erregelamendu-garapenaren arabera”.
Langile onuradun gutxi
Ikerketan jaso diren Pentsio Funtsen eta Aseguruen Zuzendaritza Nagusiaren datuen arabera, 2022 amaieran, enpleguko pentsio-planetako partaideen kontu-kopurua % 0,72 handitu zen eta guztira 2.053.054 kontu izan ziren. “Egun, langile gutxik dute estaldura osagarriko maila egokia pentsio plan kolektiboen bidez”, esan du Manuel Labordak. Zuzenbide Saileko irakasle hauek zuzendu dute haren tesia: Julen Llorens Espada kontratupeko irakasle doktorea eta Luis Pérez Capitán irakasle elkartua.
Ikertzaileak azpimarratu du “Espainiako gizarte-aurreikuspeneko sistema pribatuak hobetu beharra pentsio publikoak modu eraginkorrean osa ditzaten”. Horretarako, proposatzen du abian jartzea langile gehienentzat “erraza, gardena eta eskuragarria” izanen den pentsio-plan okupazional bat.
Curriculum laburra
Manuela Laborda, Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktoretza egin baino lehen, Zuzenbidean lizentziatu zen Zaragozako Unibertsitatean. 2001ean, UGT sindikatuaren Gizarte Aurreikuspeneko Unitatean hasi zen lanean, gizarte-aurreikuspenaren esparruan aholkularitza- eta prestakuntza-lanak egiteko. Egun, UGT Konfederazioko Ikerketa Zerbitzuko kide da 2019tik, eta haren Arlo Juridikoaren koordinatzailea da aurtendik.
Horrez gain, 2006tik gaur egun arte, lege-alderdien irakaslea da zenbait negozio-eskolatako MBA masterretan. Elkarrizketa sozialeko hainbat prozesutan eta erakunde instituzionaletan ere parte hartu du UGTren ordezkari gisa Gizarte Segurantzaren arloan. Haren oinarrizko analisi-esparruak lan-arloa eta Gizarte Segurantza dira.