Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) “The African Court on Human and Peoples’ Rights” (Giza Eskubideen eta Herrien Afrikako Auzitegia) liburua argitaratu du, Juan Bautista Cartes Rodríguezen doktoretza-tesian oinarrituta. Argitalpena Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Doktoretza Tesien VII. Jaime Brunet Sariaren parte da. Egileak azken edizioan jaso zuen saria Jaime Brunet Fundazioaren eskutik (NUPen du egoitza). Sariaren xedea da giza eskubideekin eta horien defentsa eta sustapenarekin lotura zuzena duen oinarrizko ikerketa-edukia landu duten doktoretza-tesiak aintzatestea.

zoom Brunet

Juan Bautista Cartes, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Tesien VII. Jaime Brunet Saria jasotzeko ekitaldian.

Ana Gemma López Martín eta José Antonio Perea Unceta irakasleek zuzendu dute tesia, eta tesiaren egileak, Zuzenbidean nazioarteko doktore eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasleak, aztergai du Giza Eskubideen Afrikako Auzitegiaren lana. Auztegia 1998an sortu zen, baina haren jarduera 2008an hasi zen. Auzitegiak azterturiko kasuen artean daude ustelkeria ikertzen ari ziren kazetarien hilketak, emakumeen eta nesken eskubideen urraketak, nazionalitatea bidegabeki kentzea, herri indigenak beren lurretatik kanporatzea, heriotza-epaiak, hauteskunde-iruzurra, edo, auzitegiaren azken epaietako bat aipatzeagatik, Saharako herriaren autodeterminazio eskubidea. Kasu gehienetan, lanaren egileak azaldu duenez, erreparazio egokiak agindu ditu, eta horretarako Auzitegi Interramerikarraren jurisprudentziaren iturritik edan du.  Nolanahi ere, erakunde gaztea baita, oraindik badaude zehaztu beharreko zenbait alderdi, hala nola Afrikako sistemako beste organo batzuekiko osagarritasun-harremanak indartzea eta emandako erabakien jarraipena dinamizatzea. Horri guztiari bere azpifinantzaketa azpimarragarria gehitu behar zaio”, esan du. 

Giza Eskubideen eta Herrien Afrikako Auzitegia giza eskubideei buruzko nazioarteko babeserako hiru organo judizialetako bat da, Giza Eskubideen Europako Auzitegiarekin eta Giza Eskubideen Gorte Interramerikarrarekin batera. Giza Eskubideen Europako Auzitegia 50eko hamarkadan sortu zen, eta Giza Eskubideen Gorte Interramerikarra 70eko hamarkadaren amaieran. Auzitegi horien guztien lana da gai honetan estatuek berretsitako hitzarmenak betetzen direla bermatzea.

Juan Bautista Cartes Rodríguezen CV laburra

Juan Bautista Cartes Rodríguez doktoratu ondoko irakaslea da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, Nazioarteko Zuzenbide Publikoari buruzko graduko eta masterreko irakasgaietan. Zenbait argitalpen zientifikoren egilea da Europan, Afrikan eta Amerikan, eta, 2020az geroztik,  Amnistía Internacional Españaren Ekialde Hurbileko taldearen alboko koordinatzailea da. Egun, lau ikerketa proiektutan parte hartzen ari da, eta hezkuntza-berrikuntzako beste horrenbeste proiektutan hartu du parte.

Juan Bautista Cartesek bere promozioko espedienterik hoberenarekin amaitu zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Nazioarteko Zuzenbideko Unibertsitate Masterra. Orobat Arabiar Munduko Giza Eskubideetako eta Demokraziako Masterra egin du Beiruteko Saint Joseph Unibertsitatearen (Libano) eta Kartagoko Unibertsitatearen (Tunisia) artean, eta Sevillako Unibertsitateko Zuzenbideko eta Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Graduak. Horri gehitu behar zaizkio Pretoriako Unibertsitateko (Hegoafrika) Giza Eskubideen Zentroan egin zituen ikasketak, bai eta Hagako (Herbehereak) Nazioarteko Zuzenbidearen Akademian egindako ikasketak ere. Doktoretza egin zuen urteetan, hiru beka lortu zituen: Madrilgo Unibertsitate Konplutentsearen doktoratu aurreko beka, Unibertsitateko Ikerketa Sustatzeko Oriol-Urquijo Fundazioaren beka eta Europar Batasunaren Graduondoko beka. Tesiak kalifikaziorik hoberena lortu zuen: summ cum laude.

Hitzaldiak eman ditu nazio mailako eta nazioarteko unibertsitate eta zentroetan, eta hainbat hedabidetan kolaboratu du, hala nola  África Sur, RNE, Valsaín Fundazioa, Ubuntu Pachamama, El Orden Mundial edo TheCitizen, beste hedabide batzuen artean.