Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian (NUP) irailaren 4ra arte zabalik da epea 2024-2025 ikasturterako matrikula egiteko. Ikasturtea irailaren 9ko astean hasiko da, eta ikastegiak mila bat ikaspostu ditu 76 ikastarotan banatuak. Matrikula Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiaren webgunean egiten ahal da, eta webgune horretan bertan kontsultatzen ahal da egutegi akademikoa.

zoom Ikasle batzuk NUPen.

Ikasle batzuk NUPen.

Ingelesa, frantsesa, alemana eta atzerritarrentzako espainiera ikasteko ikastaro orokorrak eskaintzen dira. Horrez gain, ingeleseko azterketa ofizialak prestatzeko prestakuntza espezifikoa ere egiten ahal da, baita Zaragozako Unibertsitateko Konfuzio Ikasgelak ematen dituen txinerako ikastaroak ere.

Ikastaroak Unibertsitateko komunitateko nahiz kanpoko pertsonentzat

Ikastaroak denentzat dira: bai Unibertsitateko komunitateko kideentzat (graduko edo graduondoko ikasleak, irakasle eta ikertzaileak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak), bai NUPeko tituludunentzat, bai eta Unibertsitatekoak ez direnentzat ere. Unibertsitateko ikasle ohiei eta adiskideei zuzendutako A3U Programan izena emanda duten kideek –inskripzioa doakoa da– deskontu bereziak dauzkate. Orobat % 50eko deskontua aplikatzen da bigarren hizkuntza baten matrikulan, eta aplikagarriak dira salbuespen eta hobariak ikastegiaren araudiaren arabera.

Ikastaroen diseinuak aukera ematen du hizkuntzen ikaskuntza norberaren neurrira, beharretara eta mailara egokitzeko, komunikazioa eta parte-hartzea errazten duten metodoen bitartez, hizkuntzaren komunikazio gaitasunean benetan aurrera egiteko.

Ikastegiko ikasle berriek hizkuntza bat ikasi nahi eta aldez aurretiko ezagutzak badituzte, beren maila egiaztatu beharko dute, dela egiaztapen ofizial baten bidez, dela matrikula egiteko webean bertan online proba bat eginez.

NUPeko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegia

NUPeko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegia duela 20 urte baino gehiago ari da hizkuntzak irakasten. Denbora horretan guztian, 30.000 ikasletik gora izan dira bertan. Gainera, akreditatutako zentro aztertzailea da honako hauen azterketa ofizialetarako: Cambridge eta TOEFL iBT (ingelesa), DELF-DALF (frantsesa), DELE (gaztelania) eta CCSE (nazionalitate espainiarra eskuratzeko) eta YCT, HSK eta HSKK (txinera).

Ikastaro eta zerbitzu horiei buruzko argibide guztiak kontsultatzeko daude NUPeko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiaren webgunean, 948 169791 telefono-zenbakian edo mezu bat bidalita posta elektronikoko helbide honetara: centro.idiomas@unavarra.es.