Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) "Hiru minutuan" lehiaketaren beste edizio bat jarri du abian. Lehiaketaren helburua hau da: publiko ez-espezializatuari ikasketa amaierako lanen edukia 180 segundoan hobekien azaltzen duten graduko eta masterreko NUPeko ikasleak saritzea. Eskaerak aurkezteko epea urriaren 11n bukatuko da, ostiralean.
Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak sustatu du ekimena Kultura Zientifikoaren Unitatearen bidez.Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak. Sariak 850 eurokoak dira modalitate bakoitzerako: modalitate bakoitzean hurrenez hurren 450, 250 eta 150 euroko lehen, bigarren eta hirugarren sariak ematen dira, bai eta 150 euroko aipamen berezia genero-ikuspegia kontuan hartzen duten lanentzat. Deialdiaren oinarriak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean daude kontsultatzeko.
Parte-hartzaileen erronka da gradu edo master amaierako lanean egindako ikerketaren edukia laburtu eta hiru minutuan azaltzea jendaurrean. Hizkera erraza eta edozeinek ulertzeko modukoa erabili behar dute horretarako. Ikertzaile gazteen lana gizarteari hurbiltzea da lehiaketaren helburua, eta, aldi berean, haiengan zientzia eta teknologia zabaldu eta hedatzeko gogoa piztea.
Lehiaketa gauzatzeko modua
Lehiakideek prestakuntza espezifikoa jasoko dute aurkezpenak dibulgaziozko hizkerara egokitzeko. Azaroaren 4an finalaurrekoa eginen da (ateak itxita) eta sailkatzen direnek azken fasean parte hartuko dute azaroaren 14an, 19:00etan, NUPeko Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan.
“Tesiak 3 minutuan” lehiaketan du sorburua “3 minutuan” lehiaketak. Lehiaketa hura 2012an antolatu zuen lehenbizikoz NUPek, eta doktoretzako ikasleek ere bazuten parte hartzeko modua. Bi urte geroago, 2014an, lehiaketan parte hartzeko aukera eskaini zitzaien Campus Iberuseko lau unibertsitateetakoren batean (Errioxa, Lleida, Nafarroako Publikoa eta Zaragoza) prestakuntzan ari ziren ikertzaileei. Ekimenaren arrakastaren ondorioz, Campus Iberusek “Tesiak 3 minutuan” lehiaketa antolatu zuen doktoretza-tesia hobekien azaltzen duen ikaslea saritzeko.
Hori dela-eta, “3 minutuan” lehiaketa NUPeko graduko eta masterreko ikasleei zuzentzen zaie. Parte hartzeko betebehar bakarra dago: unibertsitateko ikasleek aurreko ikasturtean aurkeztu izana gradu edo master amaierako lanak.