Nafarroako Unibertsitate Publikoko NUPen korrespontsalak proiektuak laugarren urtea bete du ikasturte honetan. Graduatu berri diren bederatzi lagunek eta azken ikasmailetako ikasleek hartu dute parte, eta diziplina anitzeko taldeetan banatuta joan dira ikastetxeetara, beren ikasketen amaierako lanen edukia azaltzeko eta kontatzeko nolako esperientzia akademiko eta pertsonala izan duten Unibertsitatean. Iruñeko bost ikastetxetako DBHko, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko 450 ikasle joan dira dibulgazio-saioetara.
Jarduera horren helburuetako bat da belaunaldi gazteak motibatzea eta haiengan ezagutzarekiko eta zientziarekiko interesa piztea. Baliagarriak dira, orobat, genero-estereotipoak hausteko. Ikasleek aukera izaten dute gazteen eskutik lanbide desberdinetan egin daitezkeen proiektuen eta bigarren hezkuntza amaitutakoan irekitzen zaizkien askotariko bideen berri izateko.
Ezkerretik eskuinera: Rodrigo Arvizu, Evelyn Guerrero eta Leire Bergera, Basoko BHIn egindako dibulgazio-hitzaldietako batean.
Honako hauek dira ikasturte honetan ekimenean izena eman duten ikastetxeak: Basoko BHI, Plaza de la Cruz BHI, Calasanz Eskolapioak ikastetxea, María Inmaculada Zentro Integratua eta Carlos III Ikastetxe Teknikoa.
Korrespontsalen zerrenda
Ikasturte honetan lagun hauek osatu dute korrespontsalen taldea: Rodrigo Arvizu Sarasa (Zuzenbidean graduatua eta Abokatutzarako eta Prokuradoretzarako Sarbideko Unibertsitate Masterreko ikaslea), Leire Bergera Noya (Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzeko Nazioarteko Programan graduatua), María Garde García (Bioteknologia Graduko ikaslea), Evelyn Guerrero Bascuñán (Unibertsitate Masterra Gizabanako, Familia eta Taldeekiko Esku-hartze Sozialean), Elisa Irujo Izcue (Industria Ingeniaritzan graduatua, Unibertsitate Master Bikoitza Industria Ingeniaritzan eta Enpresen Zuzendaritzan eta doktoretzako ikaslea), Daniel Lanz Alonso (Fisioterapian graduatua), Pablo Patús Díaz (Telekomunikazioen Teknologien Ingeniaritzan graduatua), Ainara Sánchez Liceaga (Haur Hezkuntzako Irakasletzan graduatua) eta Josu Zamacola Cestafe (Zientzietako Graduko ikaslea).