Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 111 ikerketa-talde ditu 2024an, eta guztira 1.234 ikertzaile aritzen dira haietan, erakundearen Gobernu Kontseiluak onetsitako katalogoaren arabera. Oinarrizko unitate horietan antolatuta dago Unibertsitateko ikerketa, eta lau arlo handi hauetan banatuta: Ingeniaritza eta Teknologia (28 talde), Oinarrizko Zientziak eta Osasun Zientziak (37 talde), Zientzia Ekonomikoak eta Juridikoak (22 talde) eta Giza eta Gizarte Zientziak (24 talde).
Ikerketa-taldeetan, lan-ildo bertsuak dituzten ikertzaileak elkartzen dira, talde-arduradun bat izaten dute, eta ikerketari laguntzeko deialdi publikoetara eta pribatuetara aurkezten dituzte proiektuak. Talde horien kalitatea, ibilbidea, bikaintasuna eta profila erabakigarriak dira finantzabidea lortzeko.
Ikerketa-taldeen kopuruak gora egin du denboran zehar: 1999an 74 talde zeuden, 2002an 88, 2005ean 98 eta 2012an 111 (2024arekin batera ikerketa-talde gehien izan dituen urtea). Era berean, ikertzaileak ere ugaritu egin dira azken urteetan: 2006an 827 ziren; gaur egun, berriz, 1.234.
Eguneratu da ikerketa-taldeen katalogoa
Ikerketa Batzordeak urtero eguneratzen du ikerketa-taldeen katalogoa datu-base batzuen bidez. Katalogoa onetsi ondoren, jendaurrean jartzen da, Unibertsitatearen ikertzeko ahalmena ezagutzera emateko.
Ikerketa-taldeen produktibitatea, barnekoa zein kanpokoa, ebaluatu eta baloratu egiten da etengabe, eta horren emaitzen mende egoten da barne-finantzaketa.