Nafarroan urtean 150-200 lagunek izaten dute bihotz geldialdia ospitaletik kanpo; 2022an, haietatik % 19 atera ziren bizirik, hau da, Estatuan halako bi, han % 9koa baita biziraupen-tasa. Azkar erantzun beharreko patologia izaki, jendea ez hiltzeko, garrantzitsua da biziraupen kateak ongi funtzionatzea: bihotz-geldialdiaren unean han dagoen eta 112 zenbakira deitzen duen pertsonak bihotz-biriketako bizkortze goiztiarra egiten hasi behar du, eta desfibriladorea eskatu eta aplikatu behar du larrialdietako langileak iritsi bitartean. Kate horretan maila inportantea da udaltzaingoa, oinarrizko bizi-euskarria jartzen baitu martxan. Gainerako larrialdi zerbitzuek baino azkarrago erantzuten du (batez beste 5,4 minutu azkarrago), eta horrek % 10 handitzen du bizirik ateratzeko aukera, Clint Jean-Louis Fernández Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko medikuak (Nairobi, Kenya, 1972) Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesiaren arabera.
Medikuak hogei urtetik gorako esperientzia du larrialdi zerbitzuetan, eta, bere tesian, Foru Komunitatean El ABC que salva vidas elkarteak egiten duen lanaren ebaluazioa egin du. Elkarte hori 2010ean sortu zuten Osasunbideko profesional batzuek (tartean berak) eta Foru Komunitateko Suhiltzaileen Zerbitzuko beste batzuek, kezkatuta baitzeuden “handia delako bat-bateko heriotzen tasa eta herritarrek jakintza urria dutelako bihotz-biriketako bizkortzerako maniobretan”, adierazi du. Helburua biziraupen katea sendotzea zen. Clint Jean-Louisen doktoretza-tesiak elkarte horrek Foru Komunitatean oinarrizko bizi-euskarria zabaltzeko betetzen duen zereginean jarri du fokua, zenbait programa jarri baititu martxan 2011. eta 2022. urteen artean: eskolak, esku hartzen duen lehenbiziko pertsona (udaltzaina), herritarren prestakuntza eta kontzientziazio publikoa.
Udaltzaingoari dagokionez, ikertzaileak gogorarazi du ezen 2019an argitaratutako foru dekretu batek ezartzen duela derrigorrezkoa dela agenteei oinarrizko bizi-euskarriari buruzko prestakuntza ematea modu jarraituan, eta “gutxienez patruila-autoen % 50ek desfibriladorea izan behar dutela”. “Horrez gain, beste entitate batzuekin lankidetzan aritzen da zenbait ekimen garatzeko, adibidez hauekin: RAPIDA aplikazioa, desfibriladoreak geolokalizatzen dituena; AED Training Box simulagailua (prestakuntzarako tresna hori saritua izan da); eta CPR Training Band, bihotz-biriketako bizkortzea entrenatzen laguntzen duen eskumuturrekoa”, adierazi du.
Hori dela eta, Clint Jean-Louisentzat, “udaltzaingoak oinarrizko bizi-euskarrian prestakuntza izateak eta desfibriladoreak eramateak lagundu egiten du ospitaletik kanpo bihotz-geldialdia sufritzen ari diren biktimak azkarrago artatzen, eta justifikatu egiten du agenteak larrialdiko erantzunetan integratzea”. Datuak lortzeko, ikertzaileak konparaketa egin du bihotz-geldialdi baten biktima bati laguntzera doazen lehenbiziko esku-hartzaileen artean: udaltzainak, larrialdi medikoetako zerbitzuak, ospitaletik kanpoko larrialdietako zerbitzuak, landa-eremuko larrialdi zerbitzuak eta oinarrizko osasun laguntzako ekipoak.
Bizitzak salbatzeko eskola-programa
Halaber, tesiak hizpide du Gorputz Hezkuntzako irakasleei ematen zaien prestakuntza-programa, haiek oinarrizko bizi-euskarriko teknikak irakats ditzaten pentsatua. 2011. eta 2019. urteen artean, ekimen honetan 208 ikastetxetako 1.726 irakaslek hartu zuten parte (% 60 Gorputz Hezkuntzako irakasleak). “Ikastetxeei panpinak banatu zitzaizkien bata bestearen ondotik (bost gutxienez), eta, 2022-2023 ikasturtetik aurrera, Nafarroako ikastetxe guztiek dituzte panpina propioak”. Gainera, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta DBHko 2. eta 4. mailetako derrigorrezko curriculumean bihotz-biriketako bizkortzeari buruzko prestakuntza sartzea onetsi zuen Foru Gobernuak 2014an.
Medikuak dioenez, “ongi egituratutako prestakuntza izanez eta behar bezalako laguntza edukiz gero, Gorputz Hezkuntzako irakasleak gai izanen dira eskola-komunitatean oinarrizko bizi-euskarriko programa modu autonomoan txertatzeko”. “Gainera, oinarrizko bizi-euskarriak handitu egiten du ikasleek beren erantzukizun sozialetan duten konfiantza eta bihotz-biriketako geldialdiari buruz duten kontzientzia.”
Herritarrei prestakuntza emateari dagokionez, tesiaren egileak arlo horretako prestakuntza-ekimenak eta entitate publikoek eta pribatuek ezartzen dituzten desfibriladoreak nabarmendu ditu; kontzientzia publikoa handitzearen zereginari dagokionez, aldiz, zenbait agenterekiko elkarlana azpimarratu du, tartean Nafarroako hedabideekikoa, gero eta gehiago ematen baitute bihotz-geldialdiei buruzko albisteen berri. “Antolatu dituzten ekimenen artean daude, halaber, Bihotz Geldialdiaren Munduko Eguna, bat-bateko heriotzaren kontrako musika-ekitaldiak eta ‘El ABC que salva vidas’ elkartearen hamargarren urteurrenagatiko erakusketa, zeina Nafarroako Parlamentuan jarri baitzuten erakusgai 2022an eta liburutegi publikoen sareko liburutegi batetik bestera ibili baita ondoren”, adierazi du tesiaren egileak. Tesiaren zuzendari lanetan Diego Reyero Díez eta Begoña Bermejo Fraile Osasunbideko medikuak aritu dira, eta tutore lanetan Tomás Belzunegui Otano, NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko irakaslea.
Curriculum laburra
Clint Jean-Louisek Medikuntzako eta Kirurgiako Lizentzia lortu zuen Nafarroako Unibertsitatean (1998); aurretik Filosofiako eta Zientzia Politikoetako ikasketak eginak zituen Nairobin (Kenya, 1992). Ondoren, Familiako Medikuntzako eta Medikuntza Komunitarioko prestakuntza jaso zuen Iruñean (garai hartan Nafarroako Ospitalea izenekoan eta Iturramako Osasun Zentroan). 2003an, etapa hori amaitu, eta osasun laguntzako mediku moduan hasi zen lanean, eta, batez ere, larrialdietako mediku moduan (ospitaleko eta landa-eremuko larrialdietan eta bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia-zerbitzuan). Joan den azarotik Nafarroako Larrialdietako Zuzendariordetzako eta Hil Ala Biziko Larrialdiei Arreta Emateko Zuzendaritza Teknikoko arduraduna da Osasunbidean.
Clint Jean-Louisek –Bihotz Geldialdiaren arloko Nafarroako koordinatzailea da 2021az geroztik– hauek ere egin ditu prestakuntza osatzeko: Executive Master in Business Administration (EMBA) izeneko Masterra Nafarroako Unibertsitateko IESE Business School delakoan; Osasun Zerbitzuen Antolaketako eta Kudeaketako Unibertsitateko Aditua; eta Mendiko Medikuntzako Nazioarteko Diploma Mendiko eta Kirolaren Medikuntzaren Institutuan. Ondoren, doktoretza egin zuen NUPen.
Clint Jean-Louis irakasle aritu izan da Nafarroako bi unibertsitate presentzialetan, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Osasun departamentuekin aritu da elkarlanean instruktore gisa.
NUPeko doktore berria, Europako Suspertze Kontseiluko kidea ere izateaz gain, hirurogei artikulu zientifikoren egilekidea da, eta zenbait sari jaso ditu AED Training Box simulagailuagatik, berak asmatua baita.