Joan eduki nagusira

“Adimen artifiziala gure bizitzetan” izanen du ardatz Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) udako ikastaro berri batek. Abuztuaren 9tik 12 bitartean eginen da Uxuen. Monografikoa Jakiunderen laguntzarekin antolatu da, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak antolatu du. Programa osorik kontsultatzeko dago NUPeko udako ikastaroen webgunean.

zoom NUP.

NUP.

Ikastaroa Pertseiden jarduera handieneko asteburuan eginen da, eta abuztuaren 10ean, larunbata, gauez, San Lorentzoren malkoen behaketa eginen da. Iruñeko Planetarioak eta Astronavarrak antolatu dute behaketa. Izarren behaketaz gain, ikastaroaren programan daude hitzaldiak eta solasaldiak, hiru kontzertu, ikastaroari amaiera emanen dion dokumental baten emisioa eta “24 emakume zientzietan, arteetan eta letretan” erakusketa, zeina abuztuaren 5etik irailaren 2ra egonen baita ikusgai Uxuen. Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak, Iruñeko Planetarioak eta Uxueko Udalak ere laguntzen dute ikastaroan.

Ikastaroa jende guztiarentzat zabalik dago, eta ez dago aldez aurretik izena eman beharrik. Hitzaldi eta solasaldietarako sarrera librea da leku guztiak bete arte. Nolanahi ere, kontzertuak Santa Maria eliza-gotorlekuan egiten dira, eta leku-kopurua mugatua da. Hortaz, aldez aurretik izena eman behar da doan sartu ahal izateko.

Adimen artifiziala, izarrak eta artea

Humberto Bustince NUPeko katedraduna da ikastaroaren zuzendaria, eta bertan parte hartuko dute ia hogeita hamar aditu, zientzialari eta dibulgatzailek, aztergai baitituzte adimen artifizialarekin lotutako zenbait alderdi (neurozientzia, minbizia, astronomia edo klima-aldaketa beste gauza batzuen artean). Lagun horien artean daude Manuel Seara dibulgatzailea, Hugo Arasanz onkologoa, Daniel Innerarity filosofoa, Senén Barrio katedraduna edo Itziar Alkorta irakaslea.

Bestalde, “24 emakume zientzietan, arteetan eta letretan” erakusketa dela eta, solasaldi bat eginen da, eta Nora Alonso enpresariak, Maite Apezteguía arkitektoak, Mariasun Landa idazleak eta María Teresa Tellería irakasleak parte hartuko dute, guztiak ere Jakiundeko akademikoak.

Zabaldika laukotearen, Erramun Martikorenaren eta Chanson Nouvelle taldearen musika-emanaldiak izanen dira.  Ikastaroari amaiera emateko, Karlos Alastrueyren “La guerra de las máquinas” dokumentala emanen dute, eta ondoren solasaldi bat eginen da, eta, ikus-entzunezkoaren egileak ez ezik Fernando Ustarroz aktoreak eta Ignacio Sánchez de la Yncera eta Sergio García Magariño NUPeko irakasleek ere hartuko dute parte. Ujué Esther Leza maisuak izanen da bisita gidatuen gidaria.