Campus Iberus Ebro ibarreko Nazioarteko Bikaintasuneko Campusa (NBC), Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) kide duen partzuergoa, ARTesiak: tesiak umorearen eta arte grafikoen bidez deszifratzen izeneko proiektua garatzen ari da, dibulgazio berritzailerako bide berriak aztertzeko eta tesi akademikoen konplexutasuna komikiaren formatu ulergarri eta dibertigarrira aldatzeko erronkari erantzun ahal izateko. Proiektuak urtebeteko iraupena izanen du, hots, 2024ko uztailetik 2025eko ekainera. Ekimenak Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioko Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT) laguntza du.
‘ARTesiak’ proiektuak “Tesiak hiru minutuan” izeneko lehiaketaren esperientzia arrakastatsua du inspirazio-iturri. “Tesiak hiru minutuan” lehiaketa 2014an hasi ziren egiten NUPen Queeenslaneko (Australia) "Three Minutes Thesis" lehiaketan oinarrituta. ‘ARTesiak’ proiektuak, berriz, zientziaren eta artearen mundua uztartu nahi ditu dibulgaziozko izaera handiena duten doktoretza-tesien ilustrazioak sortzeko komiki formatuan. Entretenigarriak izateaz gain, jendea egungo ikerketa-gaietan hezi nahi dute aipatu ilustrazioek.
Kultura Zientifikoko ekimen honetan, Carlos XCAR Malavida ilustratzaile grafikoa ari da laguntzen. Komikien, bineten eta monigoteen marrazkilaria da, eta ilustrazioaren munduan eskarmentu handia du doktoretza-tesiak grafikoki sortzeko.
Horrez gain, Campus Iberusek Pepa Pardo ingeniari eta dibulgatzailearen laguntza ere badu Las despeinadas de Pepa proiektuarekin. Proiektu horren bidez emakumeari ikusgarritasun handiagoa eman nahi dio zientzian.
Artearen eta zientziaren uztartzea
ARTesiak proiektuaren bidez, Campus Iberusek komikiaren munduko artisten, ikertzaileen, tesia egiten ari diren ikasleen eta gizartearen arteko harremanak sendotu nahi ditu ezagutza konposatuko diziplina anitzeko espazioak sortuz.
Proiektuak ezagutza konposatuko espazioak sortu nahi ditu ilustrazioaren, zientziaren, teknologiaren eta gizartearen artean, bai eta komunikazio-bide berriak ere. Bide horiek artearen eta zientziaren arteko benetako sinergia eskatzen dute, eta sinergia hori zientzia gizartean ikusarazteko erabiltzen da, tresna original eta hurbil baten bidez.
Ekimena garatzean, zenbait ekintza eginen dira Campus Iberuseko lau unibertsitateetako ikertzaileen eta ilustratzaileen arteko lankidetza sustatzeko, bai eta jendearen parte-hartze aktiboa sustatzeko ere. Errioxako, Lleidako eta Zaragozako Unibertsitateek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak osatzen dute Campus Iberus.
Ekintza horien artean, proposatu da “mash up” jardunaldi bat egitea tesi akademikoetan oinarritutako komikietarako umorea izanen duten ideiak eta kontzeptuak sortzeko, komikiak egiteko lantegiak antolatzea, horma-irudiak egitea elkarlanean eta ilustrazioan espezializatutako foroetan parte hartzea, hala nola komiki eta fanzineen erakusketak eta azokak.
ARTesiak proiektuak mundu akademikoa eta artistikoa uztartzen ditu zientzia bestelako jendeari ere hurbiltzeko, umorea eta sormena erabiliz. Proiektuaren etapa bakoitzean, lankidetza, berrikuntza eta herritarren parte-hartzea nabarmentzen dira, eta sinergia esanguratsuak ezartzen dira artearen, zientziaren eta gizartearen artean.
Nazioarteko Bikaintasuneko Campusa
Campus Iberus Zaragozako (Unizar), Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP), Errioxako (UR) eta Lleidako (UdL) unibertsitateek 2010ean abian jarritako agregazio estrategikoko proiektua da, Hezkuntza Ministerioak Espainiako unibertsitatearen kalitatea hobetzeko onetsitako 2015eko Unibertsitate Estrategiaren Nazioarteko Bikaintasuneko Campus Programaren esparruan.
Campus Iberusen estrategia agregazio, espezializazio eta nazioartekotze printzipioen gainean eraikitzen da, eta arreta berezia jartzen du arlo hauetan: nekazaritzako elikagaiak eta nutrizioa, energia, ingurumena eta iraunkortasuna, gizarte- eta lurralde-garapena, osasunerako teknologiak eta ekonomia zirkularra eta bioekonomia, Campusarekin lotutako lau eskualdeetako espezializazio adimenduneko estrategien lehentasun tematiko gisa islatuta.
Baliabide partekatuen erabileran bikaintasuna, lankidetza eta efizientzia bultzatuko duten ezagutza-ekosistemak sortzeko helburuarekin, Campus Iberusek ekintza bateratuak sustatzen ditu bere lau unibertsitateen artean, goi-mailako hezkuntzaren eta prestakuntzaren, ikerketaren eta berrikuntzaren, ikasleen eta nazioartekotzearen arloetan, eta lurraldean eragina izan nahi du, bai eta nazioarteko dimentsioa ere.