“Historia Agraria” aldizkari zientifikoa, nekazaritzako eta landa-historiako agerkaria, historiako kategorian inpaktu handiena duten aldizkarien % 25en artean dago (lehen kuartila), “Journal Citation Reports” (JCR) aldizkariak 2023rako argitaratu berri duen Journal Impact Factor (JIF) “rankingaren” arabera, Q1 kualifikazioarekin. Joan den urtean, sailkapen honetan kontuan hartutako aldian, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) katedradun José Miguel Lana Berasainek, INARBE Institutuko ikertzaileak eta erakunde akademikoko Nafarroako Doktorego Eskolako (NADOE) zuzendariordeak, zuzendu zuen aipatu aldizkaria.
Journal Citation Reports (JCR) aldizkariaren inpaktu-faktorea (Journal Impact Factor, JIF) aldizkari zientifikoen kalitate-adierazleen artean ezagunena eta baloratuena da, eta Clarivate Analytics enpresa iparramerikarrak ematen du (lehen, Thomson Reuters). Haren metrikak oinarritu ditu Institute for Scientific Information (ISI) erakundearen Web of Science-n (WoS) indexatutako aldizkarietan argitaratutako artikuluen aipamenak. Aurreko bi urteetan argitaratutako artikuluen urte jakin batean zenbatutako aipamenen eta bi urte horietan aldizkariak argitaratutako artikulu-kopuru osoaren arteko zatidura da JCR.
NUPen babesletza
“Historia Agraria” lau hilean behin argitaratzen den sarbide irekiko aldizkariak ikerketa-artikuluak argitaratzen ditu ingelesez, gaztelaniaz eta portugesez, landa-gaiei eta ingurumen-gaiei buruz, ikuspegi historiko eta orokor batetik. NUPek zenbait urtez babestu zuen agerkaria, eta FECYT (Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa) kalitate zigilua ere badu, genero-berdintasunaren arloko argitaratze-jardunbide onen aipamenarekin. Nekazaritza Historiari buruzko Azterketen Elkarteak (SEHA) argitaratzen du.
“Historia Agraria” aldizkaria 1991n sortu zen, eta José Miguel Lanak zuzendu zuen 2019tik 2023ra arte. Aldizkariaren argitalpen kontseiluko kidea zen 2014az geroztik. Aurtengo urtarriletik, Iñaki Iriarte Goñi Zaragozako Unibertsitateko Historia Ekonomikoko katedraduna da aldizkariaren editorea.