Álvaro Saavedra Montejo eta Peio Ardaiz Gale izan dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Mikrokontakizun Juridikoen VIII. Kafka Sarien irabazleak gaztelaniako eta euskarako modalitateetan hurrenez hurren. Orobat bigarren sari bana lortu dute Mikel Fernández Úcarrek (gaztelaniaz) eta Iker Mendibe Castillo Abokatutzarako eta Prokuradoretzarako Sarbideko eta Zerga, Lan eta Kontabilitate Aholkularitzako Unibertsitate Master Bikoitzeko ikasleak (euskara).
NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultateak antolatu du lehiaketa Proiektu Kulturaren deialdiaren laguntzarekin (Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak bultzatua), eta 500 euro eman ditu saritan: 150 euro kategoria bakoitzeko lehen sariaren irabazle bakoitzarentzat, eta 100 euro bigarren postuan geratu direnentzat.


NUPeko Mikrokontakizun Juridikoen VIII. Kafka Sarien irabazleak. Ezkerretik eskuinera, Iker Mendibe, Peio Ardaiz, Álvaro Saavedra eta Mikel Fernández.
“Declinando el algoritmo, apostando por la humanidad” izeneko kontakizunak irabazi du gaztelaniako modalitatean. Epaimahaiak nabarmendu du egileak istorioa bakarrik elkarrizketaren bidez kontatzeko erakutsi duen trebetasuna, adimen artifizialaren eta teknologia disruptiboen arauketarekin lotuta dauden zuzenbidearen esparru berriak jasotzeko modu egokia eta idazketaren originaltasuna eta haren integrazioa diziplina juridikoan. “Prometeo” du izenburua euskarako modalitatean irabazi duen kontakizunak. Epaimahaiak haren originaltasuna saritu du, bai eta haren egitura eta amaiera, eszena prozesu juridiko-penal baten esparruan txertatzea eta ezusteko amaieraren originaltasuna ere.
Hona hemen bigarren postuan sailkatutako kontakizunak: “Insectos en la oscuridad” (gaztelania) eta “Nork du benetan legitimitatea” (euskara).
Mikrokontakizun Juridikoen Kafka Saria
Mikrokontakizun Juridikoen Kafka Sariaren helburua da ikasleen sormen literarioa akuilatzea eta giza jardueren alderdi juridikoa erakustea bai beren alderdi pertsonalean bai sozialean.
Lehiaketaren antolatzaileek testuari hasiera emanen dion esaldi bat proposatzen dute, eta parte-hartzaileek jarraipena eman behar diote, mikroipuin baten moduan, ondorio juridikoak dituen egoera sozial bat islatuz. Edizio honetan, honako hau zen proposatutako esaldia: “Se ha iniciado un procedimiento y en su momento lo sabrá todo” (gaztelania) eta “Prozedura bati hasiera eman zaio, eta, behar denean, izanen duzu denaren berri” (euskara). Mikrokontakizunek izenburua izan behar zuten, gaztelaniaz edo euskaraz idatziak, eta gehienez ere 120 hitzeko luzera (izenburua eta hasierako esaldia kontuan hartu gabe).
Franz Kafka idazleak ematen dio izena sari honi. Jakina denez, Kafkak, Zuzenbidea ikasi eta aseguru konpainia batean legelari gisa lan egiteaz gain, aldi berean bere zaletasun literarioa garatu zuen. Literatura unibertsaleko lanik garrantzitsuenetako bat idatzi zuen (“Metamorfosia”), eta bere eleberriei eta kontakizun laburrei esker nabarmendu zen bereziki.