Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) lau profesionalek (bi, irakasle eta ikertzaileak, eta beste bi, teknikariak eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak) BIP Italian Language (A1- A2) izeneko mugikortasun-programan parte hartu dute ekainean eta uztailean. Horri esker italierako hasierako bi mailak ikasi dituzte. Turingo Unibertsitateak (Italia) antolatu du programa, eta UNITA aliantzako europar unibertsitateek hizkuntza erromantzeak sustatzeko garatutako jardueretako bat da. Nafar erakundea UNITAko kidea da.
Ekimenean parte hartu dute UNITA aliantzako hamabi unibertsitateetako bederatzitatik etorritako hogeita hamar lagunek, eta horri esker parte-hartzaileek italierako oinarrizko maila batean elkarri eragiteko, ulertzeko eta idazteko behar adina trebetasun eskuratu dituzte, hizkuntza erromantzeei buruz aurretik zuten ezagutzatik abiatuta. Hizkuntza erromantzeak (gaztelania, frantsesa, portugesa, italiera eta errumaniera) hitz egiten diren mugaldeko toki menditsuetan egotea da UNITA osatzen duten unibertsitateen ezaugarrietako bat.


Ezkerretik eskuinera: Roberto Vallés, Paloma Fernández Rasines, Nati Benítez eta José Miguel Lana, Turinen (Italia).
BIP modalitateko gainerako programek bezala (Programa Intentsibo Konbinatuen ingelesezko siglak), ikastaroak aurretiazko prestakuntza birtualeko aldi bat izan du ekainean, eta uztailaren 8tik 12ra bitartean Turingo Unibertsitatean egindako egonaldi presentzial batekin osatu da. Aste honetan, parte-hartzaileek aukera izan dute hizkuntza ikasteko eta italiar kulturarekin lotutako beste jarduera batzuk egiteko.
BIP programak kasu honetan bezala atzerriko goi mailako hezkuntza-erakundeetan egiten dira Erasmus programaren esparruan, eta haien beste ezaugarri bat da programa labur eta intentsiboak direla, metodo berritzaileak erabiltzen dituztenak, online lankidetza barne, eta trukea eta talde-lana sustatzen dute.
Hizkuntza erromantzeen erabilera sustatzea
NUP UNITA unibertsitateen Europako aliantzaren eskubide osoko bazkidea da 2023az geroztik. Aliantzaren helburuetako bat da ingelesaz gainera hezkuntza erromantzeen erabilera sustatzea hezkuntzan, ikerketan, berrikuntzan eta kudeaketan, eta aniztasun linguistikoa indartzea eta inklusioa sustatzea.
UNITAk hizkuntza horiek erabiltzen ditu aliantza Europatik harago proiektatzeko tresna gisa, hizkuntza horiek munduko hainbat tokitan erabiltzen baitira, bereziki Amerikan eta Afrikan.
Lan-arlo zehatzetako bat da elkar ulertzea, hizkuntza desberdinen hiztunek beren hizkuntza erabiliz elkar ulertzeko duten gaitasun kontziente edo inkontziente gisa ulertua.
UNITA – Universitas Montium
UNITA – Universitas Montium aliantza 2020an sortu zen, eta egun honako hauek osatzen dute: hamabi unibertsitate, eskubide osoko hamar bazkide eta bi erakunde elkartu. Beraz, 250.000 ikasleko eta 21.000 laguneko giza taldea irakasleen eta teknikari eta administrazioko langileen artean.
Honako hauek dira unibertsitate bazkideak: Barnealdeko Beirako Unibertsitatea eta Guardako Institutu Politeknikoa (Portugal); Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea (Espainia); Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta Savoia Mont Blanceko Unibertsitatea (Frantzia); Turingo Unibertsitatea eta Bresciako Unibertsitatea (Italia); Timisoarako Mendebaldeko Unibertsitatea eta Brasoveko Transilvania Unibertsitatea (Errumania). Honako erakunde hauek parte hartzen dute elkartu gisa: Mendebaldeko Suitzako Goi Mailako Eskola Espezializatua - HES-SO (Suitza) eta Yuriy Fedkovych Chernivtsi Unibertsitate Nazionala (Ukraina).